Ero Etxe elkarteak eskopetari konpainia estreinatuko du San Joan egunean

Mikel Iraola 2015ko eka. 12a, 11:41

70 laguneko eskopetari konpainia osatu du Ero Etxe elkarteak. San Joanetan "aktibo" bihurtu nahi du modu honetara elkarteak.

Ero Etxe elkarte aktibo bat da Tolosan. Haurren krosa, Santa Ageda bezperako korua edota Astelenitako txaranga koloretsu eta alaia dira horren adibide. Baina bazuen arantzatxo bat: "San Joanetan hutsune bat zuen elkarteak, ez baitzuen era aktiboan parte hartzen" dio Ramon Artola lehendakariak.

Hutsune hori betetze aldera, aurten eskopetari konpainia sortu du elkarteak. Aurretik ere saiakera anitz egin baziren ere, orain arte ez zuten lortu konpainia osatzea. Bada, aurten adin ezberdinetako 70 gizon-emakume bilduko ditu. "Kopuru polita da, helburuak bete ditugu. Giro oso ona sortu da. Hurrengo urteetan ere zenbakia handitzea espero dugu", dio Imanol Zubelzu, ekainaren 24an guztien buru izango denak.

Bereziki bera eta bere arreba Joana aritu dira konpainia ateratzeko lanetan. "Aste Santu aurretik proposamen hori egin zioten zuzendaritzari, eta lan talde bat sortu zen" azaldu du Artolak. Bazkideen artean onespena izan zuen ideiak, eta aurrera egitea erabaki zuten.

Ramon Artolak gazteek egin duten lana azpimarratu du: "Elkartean adin aniztasun asko dago, baina konpainiarena gehienbat gazteek bultzatutako ideia izan da, eta poztekoa da".

Jantzia, logoaren isla

Jantzia egiteko, elkartearen logotipoan oinarritu dira. Zubelzuk azaldu duenez, "txalekoak bi kolore ditu, berdea eta grisa, logoaren antzera. Lepoko zinta ere pajaritaren isla da, eta inauterietako inbutuaren ordez, txapel gorria izango dute".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!