Kirola ere festa, asteburutik aurrera

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 10a, 16:42

San Joan jaien atarian hamaika kirol hitzordu abiaraziko dituzte, Tolosan, larunbatetik aurrera.

Ekainaren 23ko suak zabalduko ditu ofizialki San Joan jaiak, baina aurreko egunak ere hitzordu eta ekitaldiz beteak izango dira Tolosan. Saltsa horren barruan, kirolak protagonismo berezia izango du eta, Pello Etxabe kirol zinegotziak azaldu duen moduan, "sanjoanak tradizio handiko festak dira, baina baita kirol festak ere". Bide horretan, Tolosako Udalaren izenean eskerrak eman dizkie antolatzaile eta parte hartzaileei.

Egiazki, egitaraua ekainaren 20an abiaraziko da Tolosan, baina larunbat honetan bertan agenda bete-betea izango da, kirolari dagokionez. Horrela, Tolosaldea IKTko kide Nerea Pagola, TAKEko lehendakari Koldo Arsuaga, Tolosaldea Hiru Tontor probako antolatzaile Joseba Usabiaga eta Tolosa CFko Manu Aiertza izan dira ekitaldien berri emanez.

Egitaraua:

EKAINAK 13, larunbata

09:00. Tolosaldea Hiru Tontor mendi maratoiaren hasiera, Paper Eskolan; helmuga ere bertan izango da.

Joseba Usabiagak azaldu duenez, bizkorrenek 4 orduan amaituko dute proba eta, aldiz, gehienez ere 10 orduan amaituko dute azkenekoek. Herritarrei proba jarraitzeko deia egin die, izan ere, Aralarko Adiskideak taldeko kideek salda eta bokadiloak eskainiko dituzte Uzturreko tontorrean.

09:30. Igeriketa proban Usabal kiroldegian: XLVI. San Joan saria.

Urteroko egitaraua izango du probak eta, Gipuzkoako zortzi talderekin batera, Gasteizeko Judizmendi taldeko igerilariak ere ariko dira lehian. Nere Pagolak azaldu duenez, sari preziatua da, izan ere, Euskadiko eta Espainiako txapelketen gertutasunagatik, denboraldi osoko maila gorenean iristen dira igerilariak, Tolosako hitzordura. Horrela, Nazioarteko Igeriketa Federazioak parekidetasuna bermatzeko estandarizaturiko taula bat oinarri izango dute antolatzaileek, kategoria mistoa eta absolutua bereiziz. Iaz emakume batek irabazi zuen eta, pronostiko guztien arabera, aurten ere aukera handiak izango ditu.

10:00. Urtzi Gurrutxagaren omenezko II. futbol txapelketa, Berazubin.

Egun osoko proba izango da, Tolosa CFk eta Venta de Bañosek duten harremanetik sortutakoa. Bigarrenez Urtzi Gurrutxagaren omenezkoa izango da, eta indartu egin nahi izan dute alebin mailako txapelketa. Manu Aiertzak azaldu duenez, maila polita duten taldeak izango dira; 18 talde, zehazki, lau sailetan banatuta. Horrela, goizez kanporaketak jokatuko dituzte, eta arratsaldean finalerdiak nahiz finala izango dira; azken hau 18:00etan izango da.

10:00-19:00. Padel txapelketa, Gainditzen elkarteak antolatuta, Berazubin.

16:00. Esku pilota: talentuen txapelketa, Beotibar pilotalekuan.

Ander Goikoetxea tolosarra finalisten artean izango da, eta ekitaldi betea izango dela nabarmendu du Manu Aiertzak. Gainera, Jose Manuel Ortizi omenaldia egiteko ere baliatuko dute egitasmoa, "pilotaren alde lan handia egin duelako".

18:00. Usabal kiroldegian, emakumeen saskibaloia: Euskal selekzioa- Venezuela.

Saskibaloi zaleentzat egun borobila izango da larunbata, goizetik hasita. Clinic bat prestatu dute, Gipuzkoa Basketeko eta Bilbao Basketeko entrenatzaile izandakoekin; Koldo Arsuaga lehendakariak azaldu duenez, TAKEko jokalari eta entrenatzaileei begirako saioa izango da hori. Arratsaldean, berriz, bi norgehiagokaz gozatzeko aukera izango da Usabalgo kantxan. Batetik, Euskadiko 19 urte azpiko selekzioa TAKEko lehen taldearen aurka ariko da, 16:00etan hasita; selekzioan Gaizka Maiza TAKEko jokalaria ariko da, eta TAKEko taldean, berriz, Lander Lasa tolosarrak parte hartuko du.
Segidan, 18:00etan hasita, nesken saskibaloi ikuskizuna izango da, Euskal selekzioaren eta Venezuelaren artean. Venezuelako neskak Hego Ameriketako liga prestatzen ari dira Euskal Herrian, eta hitzordua azpimarratu nahi izan du Arsuagak: "Ez gaude ohituta horrelako partidak ikusten, eta benetan merezi duen norgehiagoka da, maila bikainekoa".

 

EKAINAK 20, larunbata

09:00etan eta 15:00etan. 3x3 txapelketa, XVI. San Joan saria (goizean Gernikako Arbolan eta arratsaldean San Frantziskon).

10:30. Batel estropadak, Oria ibaian. San Joan saria.

11:00. Elkarteen arteko elkartasun topaketa. AFESTTA elkartearen alde.

11:00. Beotibar Zesta Punta eskolak antolatuta, XXIV. San Joan zesta punta txapelketa, Beotibarren.

18:00. Atletismoa Berazubin, Gipuzkoako kadete, jubenil eta junior mailako txapelketa.

20:00. San Joan saria eskubaloi txapelketako finalak, Usabal kiroldegian.

EKAINAK 21, igandea

11:00. Esku pilota Beotibarren, afizionatuen 4 t' erdiko txapelketako finalak.

11:00. Atletismoa Berazubin, Gipuzkoako kadete, jubenil eta junior txapelketa.

11:30. Toka lehiaketa, Tolosako Harizpe elkarteak antolatuta, San Frantzisko pasealekuan.

EKAINAK 22, astelehena

15:00. Txirrindularitza, jubenilek Gipuzkoako Bira.

EKAINAK 24, asteazkena

09:00. Txirrindularitza, afizionatuen San Joan saria.

EKAINAK 28, igandea

10:00. Arku tiratzea Zumardiaundian: Joneren hegoak.

12:00. Tenis txapelketako finalak Berazubin.

18:30. Herri kirol erakustaldia Trianguloan: Alatzne Etxaburua, Irati Astondoa, Xabier Orbegozo, Harria V.a eta Unai Otaño aizkolariak, eta Inazio Perurena eta Iban Ugartemendia harri jasotzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!