«Pena handiz, baina egindako lanarekin gustura noa»

Ataria 2015ko eka. 4a, 11:33

Tolosaren entrenatzaile postuan jarraitzeko «gogoa, indarra eta ilusioa» izan arren, hurrengo urtean ez du jarraituko Iker Dorronsorok

Nahiz eta igeldoarra izan, Iker Dorronsororen (Igeldo, 1975) bihotza urdina da. Azken bi urte hauetan Tolosa CF taldeko entrenatzaile izan da, baina zuzendaritzak lan horretan ez duela jarraituko esan dio. Talde urdinean bere bigarren zikloa horrela amaitu da. Momentu gozoak eta bereziki garratzak bizitzea tokatu izan zaio. Bere jokalari izan direnez hitz egiterakoan, gauza guztien gainetik, eurenganako harrotasuna nabarmentzen da, eta orain kanpoan egon arren, laguntzen jarraitzeko beti prest egongo dela dio.

Ezertan sartu aurretik, eta kirol kontuak gerorako utziz; bi urte hauetako errepasoan Urtzi Gurrutxaga aipatzea derrigorrezkoa da.
... Egun hartan gertatua nik uste hor daukagula; ez zaigu inoiz Urtzi gure artetik eta oroitzapenetik joango. Nik pertsonalki beti eramango dut bihotzean. Hura gertatu eta taldeak erakutsi zuen sendotasuna, izugarria izan zen. Jokalariek aurrera jarraitu nahi zutela erakutsi zidaten, borrokatu egin nahi zutela, arrazoi handi bat genuela; eta hori Urtzi zela. Berarengatik dena eman behar genuela argi genuen, azken minutura arte, azken arnasa zelaian eman arte. Kapitaina joan zen, baina itsasontzi urdina ez da hondoratu. Eta badakit jokalari hauek dena emango dutela, funts hori mantenduko dutela. Ez daukat zalantzarik.

Bi hitzetan, azken denboraldiaren balantzea?
Oso ona dela esango nuke, batez ere, denboraldia nola joan den ikusita. Nire alboan ibilitako pertsonei eskerrak eman nahi dizkiet, beraiei esker izango ez balitz ez genuelako lortuko lortu duguna: Beñat, Aristi, Ander, Oskar, Telle, Latu, Tobias eta Fernandino aipatu nahiko nituzke, beraz.

Oso ona izan arren helburuak ez lortzeko, zer gertatu da.
Ekainaren amaieran amaitu genuen denboraldia, eta uztailaren erdian Realaren aurkako partida jokatu genuen. Atseden hartzeko 15 egun izan genituen. Partida horrek normala den bezala ilusio handia sortzen zuen, baina eragina izan zuen, eta hori aldez aurretik azaldu genien jokalariei eta zuzendaritzari. Aurredenboraldira juxtu iritsi ginen, eta denboraldia hankamotz hasi genuen.

Emaitzak, ordea, ez ziren hain txarrak izan hasieran.
12 puntutik 8 lortu genituen. Baina taldeak ez zuen aurreko denboraldian erakusten zuen sendotasunik. Eta lehen itzulian ikusi zen hori.

Bigarren itzulia, aldiz, ia amaiera arte ikusgarria izan da.
Dinamika oso ona hartu genuen, 10-11 partidetan. Hamalaugarren joatetik hirugarren posturaino igo ginen, bigarrenarekin aldea puntu bakarrera murriztuz, nahiz eta partida bat gutxiago zuen.

Tolosa CF jarraitu dutenek, taldearen bizkarrezurra azken txanpara nola iritsi den ikusi dute.
Lesioak, lan kontuak... Aste Santuetako atsedenalditik eduki genuen itzulera ez zen onena izan. Jokatzeko moduan ez zeuden jokalariak berreskuratzea espero genuenean, jokalari gehiago galdu genituen. Gero Usurbilen eta Ostadarren aurka galdu genuen, eta bigarren postuak ihes egin zigun.

Zer moduz moldatu zara jokalariekin?
Borrokatzeko eskatu diegun bakoitzean erantzun egin dute. Etxetik kanpo ez gara ondo ibili, baina 26 urteko bataz bestekotik 22 urtera jaitsi behar izan dugu taldea denboraldiko une askotan. Esperientzia irabazteko ondo egon da, eta hori nabarituko da denboraldi honetan. Baina kanpoko partidetan nabaritu egin da hori. Hala eta guztiz ere, jokalariei ezin zaie ezer leporatu.

Dena emate horren adibide izan al dira azken bi partidak.
Bigarren postuak ihes egin zigunean igotzeko aukerarik gabe geratu ginen. Erlaxatu egin zen taldea, eta hirugarren postua galdu genuen horregatik. Arantza hori badut barruan, jarraitu egin behar genuela esan baikenuen behin eta berriz. Hernanik azken txanpa bikaina egin zuen, hirugarren postuak agian igoera ekar zezakeelakoan. Azken astean jakin genuen hori guk. Orduan geratzen ziren partidak irabazi beharra zegoela esan genuen, eta taldeak erantzun egin zuen.

Eta zuzendaritzarekin?
Euren erabakia onartu eta ez dut hortik aurrera gehiago luzatu nahi. Pertsonalki, jarraitzeko gogoz, indarrez eta ilusioz nengoen.

Iaz igoera fasea, aurten, gertatuak gertatuta laugarren...
Denboraldi berrian hasieratik borrokatzen hasteko baldintzak ematen direla uste dut. Pilatutako esperientzia ere hor dago. Taldeari onena opa diot, eta kanpoan egon arren, laguntzeko prest jarraituko dut. Esan bezala, pena handiz hartu dut erabakia, eta egia esan, oraindik ez dut gainditu kolpea. Hala eta guztiz ere, eskertu egin nahiko nuke zuzendaritza berriak bi urte hauetan eman didan babesa.

Zer esan dizute jokalariek?
Harrituta harrapatu ditu zentzu batean. Beraien babesa erakutsi didate, eta horrekin geratzen naiz. Bigarren ziklo honetan egindako lanarekin gustura nago, eta baita taldeari atera diogun etekinarekin ere. Alde horretatik lasai noa. Lasai eta harro, jasotako babesarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!