Jon Azpiroz: "700 lagun etortzen badira ere ongietorriak izango dira"

Asier Imaz 2015ko eka. 2a, 16:15

Bedaioko Artubi Elkarteak BTT eta Martxa Martxa antolatu ditu ekinaren 7an. Izena emateko epea egunean bertan ere zabalik egongo da.

Eguraldiak esango du jendearen emana nolakoa izango den. Iragarpenen arabera, giro bikaina izango da igandean. Bedaion hori nahi dute, eta 150-200 lagun egotea ziurtaturik daukate. Hortik gorakoak, gustura hartuko dituzte. BTT eta Mendi Martxaren helburua garbi dituzte Artubikoek: "Bedaio ezagutzea". Aurtengoa, zortzigarren edizioa izango da.

Ekainaren 7a da eguna. Igandea. Alde batetik, mendi ibilaldia egingo dute mendigoizaleek, 07:30ean pilotalekutik aterata. Bestaldetik, mendi bizikletariak, eta hauek 08:30ean aterako dira.

Goiztiarrenek 23 kilometroko ibilbide lasaia izango dute aurretik, 6-8 ordutan presarik gabe egitekoa. Jon Azpiroz Artubiko kidearen esanetan, bada 4-5 ordutan ibiltzen denik ere. Denbora eta erritmoa, bakoitzaren araberakoa izango da. Mendi martxako ibilbidearen ezaugarriak horrela azaltzen ditu Azpirozek: "Aipagarriena Tolosako mendirik altuena igotzen dugula da. Askok Uzturre dela pentsatuko dute, baina ez, Bedaio Tolosako auzo bat denez, bertan dago gailurra". Eta hori, Artubi da, 1.262 metrorekin. Urtetik urtera jendea gero eta prestatuago joaten dela ere onartzen du bedaiotarrak. Hasiera batean, itzulia handiagoa zen, baina "arratsaldeko laurak iritsi eta jendea oraindik bidean izaten genuen, ondorioz, murriztu egin genuen, eta 23 kilometrora egokitu", dio Azpirozek. Orain jendea gustura ibiltzen dela onartzen du Artubiko kideak, "ondo bukatuz".

BTT-ren kasuan, ez dago murrizketarik, alderantzizkoa baizik. "Exajerazio bat da", dio bedaioarrak. "Jendeak gehiago eta gehiago eskatzen du, gero eta gogorragoa nahi dute. Horren ondorioz, sasi xtreme horietako bat antolatzera iritsi gara. Bataz besteko malda positiboa 2.300 metrokoa izango da, eta distantzia, 45 kilometrokoa". Hausnartzen hasita, jendearen artean "matxake kontuak" modan daudela dio Jon Azpirozek. Bizikletalariak Bedaiotik irtengo dira, Añi azpitik barrena Altzoko harrobira joateko. Buelta eman ondoren, jaitsiera hasiko da hor, nahiko teknikoa gainera. Hortik Larrondoko bidea  hartu eta Azkaratera joango dira, berriro Añi azpira azaltzeko. Hasi bezala, Bedaion amaituko dute. "BTT modalitaterako oso ezaugarri egokiak ditu ibilbideak; basoak, zelaiak eta asfalto pixka bat", dio antolatzaile lanetan dabilen Jon Azpirozek; "hasieratik topera irten ezkero betegarria izan daiteke, baina erritmoari eutsiz gero oso polita da, paisaje ederrak dituelako. Hala eta guztiz ere, jendeak gogorra dela esaten du".

Lasaitasuna eta lehiakortasuna elkartuko dira, beraz, Bedaion. Etxetik ez hain urrun, leku zoragarriak daude, eta horietako bat ezagutuko dute igandean bertaratzen direnek.

Izen ematea, zabalik
Aldez aurretik edo egunean bertan eman daiteke izena, bai mendi martxarako eta baita BTT probarako ere. Horretarako bi helbide elektroniko jarri dituzte: mendimartxa@bedaio.com oinezkoentzat, eta bttmartxa@bedaio.com txirrindularientzat. Horrez gain, www.bedaio.com webgunean sartu eta izena eman daiteke. Azkenik, egunean bertan, irteera baino ordu erdi lehenago, inskripzio mahaiak jarrita egongo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!