Zazpi domina lortu dituzte Tolosa Atletismo taldekoek

Asier Imaz 2015ko eka. 2a, 11:54

Donostian jokatu dira Gipuzkoako Txapelketak. Eskualdekoek lan bikaina egin dute, hainbat txapel lortuz.

Gipuzkoako Txapelketak jokatu ziren igandean Donostian. Tolosa Atletismo taldeko kideak bertan izan ziren, eta etxera dominekin itzuli zenik izan zen.

400 metro hesietan Lander Gil hernialdearrak lehen postua lortu zuen 55,36ko denborarekin. Proba bera irabazi zuen Paula De Juanek, Gipuzkoako txapeldun geratuz. Bigarren, eta txapeldun ordea Maddi Perurena izan zen. Taldetik zorionak eman dizkie guztiei, eta etorkizun De Juan eta Perurena etorkizun handiko bi atleta gaztetxo direla nabarmendu dute.

5 kilometroko martxan ere txapela lortu zuen Tolosa Atletismo taldeko kide batek, Iñigo De Juanek. 25 minutu eta 6 segundo behar izan zituen De Juanek. Bero handia egiten zuen, eta ederki sufritu behar izan zuen atleta urdinak. 

3.000 metroko lasterketan Maddi Sanchez Gipuzkoako txapeldun orde geratu zen, 11 minutu eta 45 segundoko denborarekin. Lehen urteko kadetea besterik ez da Sanchez; lorpen handia beraz.

4x400 erreleboetan neska zein mutilek bigarren postua lortu zuten. 200 metrotan Jon Ander Aurkia seigarren sailkatu zen, 23,00ko markarekin. Ibartarra 23 segundoren azpitik laster izango dela espero dute guztiek. Eunate Martinez de Rituerto ere seigarren sailkatu zen 400 metro hesietan, eta Maddi Perurena postu berean izan zen pertiga jauzian.

Guzti horiez gain, Tolosa Atletismo taldetik atleta gehiago joan ziren Donostiara. Guztiak zoriondu dituzte taldeko arduradunek, lan bikaina egin zutela azpimarratuz. Denboraldia hasi besterik ez dela egin ere gogoratu zuten, lanean jarraitu behar dela gehitzeko.

Zorionak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!