Doinu bat plaza bakoitzean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko maiatzaren 30a

Musikherria bigarrenez ospatzen ari dira Tolosan, kale musika aldarri eta festa dutela.

Iaz antolatu zuten, estreinakoz, Musikherria jaia, kaleko musikarien eskutik. Tolosan larunbateroko ogi izaten da txaranga, dultzainero nahiz trikitilariak entzutea, eta guztiek bat egin dute, aurten ere.

Goizean goizetik hasi dira auzoz auzoko dianak, eta herriko plaza bakoitza bete dute doinuz, eguerdian Triangulo inguruetara iritsi arte. Bazkari legeari, berria, elkartasun kutsua eman diote beste behin, eta Stop Sanfilippo elkarteari lagunduko diote otorduan bildutako diruarekin; guztia, 350 pertsona inguru elkartu dira mahaiaren bueltan.

Tolosatik, Giro Arte dultzaina taldea; Tolosako dultzaineroak; Eduardo Mokoroa musika eskolako txistu taldea, ikasleen banda, akordeoi taldea, klarinete taldea, sokazko instrumentuen taldea eta ganbara taldeak; Isidro Larrañaga akordeoi orkestra, Konponezinak txaranga eta Incansables txaranga aritu dira eta, Tolosa eta Uztaritzeren senidetzearen eskutik, Uztaritzeko Herri Soinua elkarteko dultzainero, trikitilari eta txistulariak ere bertaratu dira.

Bazkalondoa larrain dantzarekin biribildu ondoren, musika kalez kale ibiliko da arratsaldean ere, eta gauean Laket taldeak dantzan jarriko du Plaza Berria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!