Gas eta argi konpainia batzuk jendea engainatu nahian dabiltzala ohartarazi du Tolargik

Ataria 2015eko maiatzaren 27a

Tolosako Argia enpresa publikoak tolosarren kexa ugari jaso ditu azkenaldian etxean beste konpainia bateko komertzialen bisitak jaso izanagatik. 

Argi eta gas konpainia batzuetako komertzialak etxez etxe dabiltza azkenaldian. Helburua argia da: bezero berriak lortzea. Horraino, legala da.

Baina horietako batzuk jendea, izan Tolargiko bezeroak edo beste batekoak, engainatu nahian dabiltzala ohartarazi du Tolargik. "Komertzial hauek jendea mareatu nahian hasten dira. Kontratu merkeagoak eta deskontuak eskaintzen dizkiote jendeari, baina ondoren, fakturan mantenuko eta beste hainbat zerbitzuetako kostuak gehitzen dituzte. Azkenean, gehiago ordaintzen bukatzen da" diote Tolargiko arduradunek.

Nolabait, bezero horiek komertziala sinetsi eta kontratua sinatzen dute. Baina dagoeneko berandu izan daiteke: "Batzuk kontratua ez dute sinatu eta galdezka etorri zaizkigu, baina beste askok dagoeneko kontratua sinatu dute. Azken batean, beste konpainia batera pasatzen ari zarela sinatzen ari zara, Tolargiko arreta galtzen da, eta berriro ere atzera itzuli nahi izateak penalizazioa dakar. Beraz, gehiago ordaindu beharra".

Tolargitik azaldu dutenez, "jendeak ez daki zer sinatzen duen" eta hori dela eta, tolosarrei edozein kezkaren edo dudaren aurrean, galdetzeko eskatzen diete: "Kontsulta egiteko ez dago arazorik, beti dago aukera aldaketak egiteko, baina jakin gabe ez dezatela ezer sinatu eta kontu korronteko zenbakia eman aurrez".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!