Harri Jaiak emango dio hasiera igandera arteko egitarauari

Imanol Garcia Landa 2015eko maiatzaren 20a

Iazko Harri Jaian Anjel Mari Peñagarikano eta Jexux Mari Irazu bertsolariak izan ziren.

Bihar egingo dute Harri Jaia Bedaion, eta larunbatean eta igandean Asteburu Kulturala izango dute. Luis Larreta eta Martin Zubillagak bedaiotarrek eman dute ekitaldien berri:

 

200 urte baino gehiago dituen gertakizun baten ondorioz ospatzen dute Bedaion Harri Jaia. Harria, kazkabarra, bota zuen eta uzta guztia izorratu zuen. Luis Larreta bedaiotarrak azaldu duenez, «meza bat egitea erabaki zuten, eta auzotar guztiak elkartzea. Garrantzi handiko festa da Bedaion, tradizio handia duena».

Bihar ospatuko dute Harri Jaia eta asteburuan beste kultur ekitaldi batzuk egingo dira. Meza ondoren, hamaiketakoa, bazkaria eta afaria egingo dituzte Artubi elkartean. 60 pertsona inguru elkartuko dira, Bedaion bizi edo auzoarekin lotura berezia dutenak. Eguna bertsolariek eta soinuak girotuko dute.

Asteburu Kulturalari dagokionez, Jakoba Errekondoren hitzaldia, trikiti emanaldia eta bertso afaria izango dituzte larunbatean, eta mendi ibilaldia egingo dute igandean.

Egitaraua

HARRI JAIA

Maiatzak 21, osteguna

11:00. Meza. Ondoren hamaiketakoa Artubi elkartean. Zeberio eta Mañukorta bertsotan eta Eba Dorronsoro soinujolea ariko dira bazkal ordura arte.

14:00. Bazkaria Artubi elkartean. Arratsaldean musikak eta bertsoek jarraituko dute.

21:00. Afaria Artubi elkartean.

ASTEBURU KULTURALA

Maiatzak 23, larunbata

17:30. Jakoba Errekondok argitaratu berri duen Bizi Baratzea liburuari buruzko hitzaldia emango du Artubi elkartean. Jarraian trikiti saioa Abaetxe aurreko parkean.

21:00. Bertso afaria Unai Mendizabal eta Mikel Artola bertsolariekin.

Maiatzak 24, igandea

11:00. Bedaioko plazatik Azkaratera ibilaldia. Eguna luzatu eta bertan bazkaldu nahi duenak, jatekoa norberak eraman beharko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!