Eraso arrazista Khelifa Tadjineri

«‘Islamista hiltzailea!’ esaten zidaten behin eta berriz»

Asier Imaz 2015ko mai. 13a, 11:36

Eraso arrazistak salatu ditu aljeriar jatorriko tolosarrak; Sadam-en soka besterik ez zitzaiela falta esan du Khelifa Tadjinek gertaeren kontaketan. Orain, lekukoen bila dabil eta laguntza eskatu du. Hauxe da bere istorioa:

Khelifa Tadjinek eraso arrazistak salatu ditu. Tolosako epaitegian eta udaltzaingoan salaketa bana jarri du. Epaitegiko salaketa, Hernaniko larrialdi zerbitzuetako mediku txostenarekin osatzen da. Lekukoei laguntza eskatu die Tadjinek, «ikusia kontatzea besterik ez nieke eskatuko; egia esan dezatela». Horrez gain, Hernaniko geltokiko kameren irudiak argigarriak izango direlakoan da.

Erasoak, maiatzaren 3an hasi zirela dio: «Igandea zen, 12:00ak, eta Martutenen trena hartu nuen, Tolosara etortzeko. Eseri orduko zuzenean niregana etorri ziren, beste bagoitik. Bi ziren. Segurtasun zaintzaileak. Ni atearen ondoan nengoen, bizikleta alboan nuela. Etorri eta inongo edukaziorik gabe zuzendu ziren niregana: ‘Zu! Biletea!’ esanaz». Txartela atera eta besoa jasoz bidaiari guztiei erakutsi ziela dio Tadjinek, segurtasun zaintzaileei zera esanaz: «Hemen nire txartela. Baina ez dizuet emango. Hori ez da zuen lana. Eta nire txartela nahi baldin baduzue, niri bezalaxe, denei eskatu beharko diozue».

Segurtasun zaintzaileen erantzuna zein izan zen galdetuta, ondorengoa dio Tadjinek: «Hurrengo geltokian jaitsi beharko duzu». Eta berak baietz! hori egingo zuela esan omen zien: «Ez nituen gehiago ikusi nahi. Horietako batekin lehen ere arazoak izan ditut. Tolosako geltokian nengoela, etorri eta ea zer egiten nuen galdetu zidan. Trenaren zain nengoela erantzun nion, eta berak, paperak erakusteko. Ezetz esan nion; poliziari deitzeko. Geltokitik kanpora bidali ninduen. Ertzaintza etorri zenean, salaketa jarri nahi nuela esan nien, eta deitzeko. Oraindik ez didate deitu».

Maiatzaren 3ko gertaerara itzulita, hurrengo geltokia Hernanikoa zela dio Khelifa Tadjinek. «Trenetik jaisten hasi nintzenean, atzetik bultzada sentitu nuen. Bizikleta eta guzti erori nintzen lurrera. Hain zuzen ere bizikletaren gainera. Segurtasun zaintzaileak ere jaitsi egin ziren, eta trena joan zenean, arrastaka eraman ninduten geltokiko aterpera». Altxatzeko esaten omen zioten, baina berak ezetz, zorabiatuta zegoela. «Arkupean zutitu eta lepotik heldu zidaten, estutuz, Sadam-en soka besterik ez zitzaien falta. Ukabilkadak, zaplaztekoak, gorputzeko atal desberdinetak kolpeak, eta laban txiki batekin ere mehatsatu ninduten.

Arakatzen ere hasi ziren, eta nire paper, beroki eta telefonoa lurrera bota zituzten. Nik ohiu egiten nuen, ‘poliziari deitu!’ ‘poliziari deitu!’ esanaz. Euren  aldetik irainak etengabeak ziren. Islamista hiltzailea errepikatzen zuten behin eta berriz. Musulmana nintzela erantzuten nien, ez islamista. Eurek denetik esaten zidaten: ‘kaka nintzela; hil egingo nindutela’… orduan atera zuten labana».

Khelifa Tadjinek ez daki nork deitu zion Ertzaintzari. Geltokian, beste noranzkoan, gazte bat zegoela gogoratzen omen du, eta inguruko etxebizitzetatik jendea begira, baina gehiago ez. Ertzaintza agertu zenean geltokira, Tadjinek laguntza eskatu zien, anbulantziari deitzeko esanaz. «Hasieran bikote bat gerturatu zen, kaleko jantziekin. Ertzainak ziren, gero besteekin elkartu baitziren. Nola erasotzen ninduten ikusi zuten.

Gizonak keinu eta guzti egin zidan, eskuekin, lasai egoteko esanaz». Autoan beranduago etorri zirela dio Khelifa Tadjinek, eta berak lau ertzain ikusi zituela. «Horietako bat arakatzera etorri zen gainera. Nire paper eta gauza guztiak lurrean zabalduta zeudela esan nion, eta mesedez anbulantziari deitzeko. Ertzaintza etortzean, labana gorde egin zuten segurtasun zaindariek, eta nik esan nien non utzi zuten labana ertzainei, baina ez zidaten jaramonik egin». Zurrunbiloaren erdian ertzain bat edukazioz zuzendu zitzaiola gogoratzen du Tadjinek: «Hernaniko medikuarengana joateko esan zidan, eta ondoren, salaketa jarri nahi baldin banuen zer egin behar nuen aipatu zidan». Geltokitik segurtasun zaintzaileek kanporatu zutela dio tolosarrak, «Ertzaintzaren begiradapean, eta 24 orduan trenik ez hartzeko esanaz».

Ondoezik zegoenez, Hernaniko osasun zentrora joan zen jarraian, larrialdi zerbitzuetara. Mediku txostenarekin, Donostiako epaitegira joan zen salaketa jartzera, baina itxita zegoenez, hurrengo egunean, astelehenean, Tolosakoan jarri zuen. Bertan, besteak beste, Hernaniko geltokiko kameren irudiak eskatzen ditu. Epaitegitik anbulategira joan zen, eta bertatik Asuncion Klinikara bidali zuten, larrialdi zerbitzuetara.

Asteartean ez zen dena amaitu. Eta bigarren salaketa bat jartzeko beharrean ikusi zen Khelifa Tadjine, eta horrela egin zuen. Kasu horretan, gertaerak Tolosan kokatzen ditu Tadjinek: «Egunkaria erosi ondoren, bazkaldu baino lehen kafe bat hartzera joan nintzen Tolosako taberna batera. Tabernak bi ate ditu. Alde batetik, Gorosabel kalera irteten zara, eta bestetik Plaza Berrira. Kafea eskatu eta zigarro bat erretzera atera nintzen plaza aldeko atetik. Han nengoela, beste atetik tabernara sartzen ikusi nituen». Igandeko segurtasun zaindariak zirela dio. Urduri jarri zela onartzen du, eta tabernara sartzean, euren «begirada oldarkorra» jasan beharra ere aipatzen du.

«Igandean egin zenidaten guztia egin eta gero, oraindik horrela begiratzen didazue? Zuen lana babestea izan beharko litzateke, ez hiltzaileak bezala ibiltzea», esan omen zuen taberna guztiak entzuteko moduan Tadjinek. Tabernatik Gorosabel kaleko atetik atera zela dio, segurtasun zaindariak atzetik zituela. «Kanpoan, txoko batera eraman nahi ninduten, nirekin hitz egin nahi zutela esanaz. Nik ea jo egin nahi zidaten galdetu nien. Nik justiziarekin joko nituela esan nien, eta udaltzaingoarengana nirekin etortzea eskatu nien». Orduan jarri zuen bigarren salaketa Khelifa Tadjinek, Tolosako udaltzaingora.

Justiziarekin «jotzeko», ordea, lekukoak behar ditu Khelifa Tadjinek. Komunikabideetara horregatik jo duela dio. Hernanin geltokian, trenaren barruan, Tolosako tabernan… zerbait ikusi zutenei kontatzea eskatu die. Harremanetan jartzeko SOS Arrazakeriak elkartearen telefonora deitu behar da.

«Nik ez dut ezer txarrik egin. Baina orain, oso gaizki sentitzen naiz. Batez ere atzetik bultzatzeak eman dit min. Bizikletaren gainera erori nintzen, eta edozer geratzea zegoen. Hiltzeko mehatsuak, trenaren azpira botako nindutela,… Gaiztoa gaiztoa da. Nirekin bezala, baita zurekin ere”.

Aljeriatik Tolosara
Khelifa Tadjine Aljerian jaio zen. 1987. urtean, «biolentzia atzean utzi nahian», Herrialde Katalanetara joan zen ihesi. Bertan, 20 urte eman ditu bizitzen. 2008an etorri zen Euskal Herrira. Zumarragan eta Donostian bizi ondoren, iaz iritsi zen Tolosara.

SOS

943 24 56 27
Gipuzkoako SOS Arrazakeria.
Khelifa Tadjinek salatutako gertaeren lekukoentzat harremanetarako telefonoa. E-maila: sosarrazakeria@euskalnet.net

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!