Laskoraingo bi ikasle Udaberriko Matematika Lehiaketan saridun

Tolosaldeko Ataria 2015eko maiatzaren 12a

EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateak eta Leioako Askartza-Claret ikastetxeak Udaberriko Matematika Lehiaketa antolatu dute; EAEko lehena izan da, eta Laskoraingo LH 6. mailako Mikel Elola Etxetxipia eta Haimar Vitoria Odriozolak sari bana jaso dute.

Madrilen (Espainia) Universidad Complutensek antolatzen du Udaberriko Matematika Lehiaketak, eta XIX.a izango da aurtengoa. Egitasmo haren haritik, aurten lehen aldiz antolatu dute Euskal Autonomia Erkidegokoa, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateak eta Leioako Askartza-Claret ikastetxeak.

Matematikekin ere ondo pasa daitekeela plazaratzea da lehiaketaren helbururik behinena eta, horretarako, lau maila bereizi dituzte antolatzaileek: LH 5-6, DBH 1-2, DBH 3-4 eta Batxilergoa. Sail horietan guztietan, denera, 28 ikastetxek parte hartu dute, eta ikastetxe horietako bakoitzean landu zuten egitasmoko lehen fasea.

Bigarren fasea, berriz, Leioan bertan ospatu zuten, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean bertan, joan den apirilaren 18an. 280 ikaslek parte hartu zuten bigarren hitzordu hartan eta, tartean izan ziren Laskorain ikastolako LH 6. mailako bederatzi ikasle; Mikel Elola eta Haimar Vitoria beren mailako 10 ikasle onenen artean sailkatu ziren.

Horrela, joan den maiatzaren 8an azken hitzordu garrantzitsua izan zuten neska-mutilek, sari banaketarekin. Matematikaren balore eta garrantzia azaldu eta zenbait joko egin ondoren, epaimahaiak ikasle bakoitzaren postua jakinarazi zuen: Mikel Elolak 3. saria eta Haimar Odriozolak 8. saria lortu dute eta, horren truke, matematika liburuak eta diploma eskuratu dituzte. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!