'Joniko': "Itzulerako partidan zaletuen babesa behar dugu"

A.Imaz 2015eko maiatzaren 11

Laskorain Ikastola igoera fasea jokatzen ari da, Hirugarren Maila irabazi ondoren. Bigarren B Mailan egoteko ordea, lana gogotik egin beharko dute, joaneko partida 6-4 galdu baitzuten.

Errioxan izan ziren larunbatean tolosarrak, Embalajes Blancoren aurka jokatzen. Igoera kanporaketako lehen partida zen. Bigarrena, maiatzaren 23an jokatuko dute, Usabalen. Igotzeko, bi golen aurkako aldeari buelta eman beharko diote Laskorainekoek. «Kanpoan lortutako golek balio bikoitza dute, beraz, garrantzitsua izan da lau gol lortzea», esan du Jon Otxoa Jonikok. Ibartarra taldeko jokalari beteranoenetakoa da. Partidaren kronika egiterakoan, partida zaila izan zela dio Jonikok. «Irabazten hasi ginen, baina beraiek buelta eman eta 6-2 jarri ziren. Golpe gogorra izan zen, kanporaketa oso zail ikusten genuen, baina zorionez beste bi gol sartzea lortu genuen. Itzulerarako aukerak ditugula uste dut. Talde honengan konfiantza handia daukat, eta igoera lortzea espero dut».

Baina helburua lortzeko baldintza bat jartzen du Jonikok, eta hori, hilaren 23an Usabal lepo betetzea da: «Zaletuei itzulerako partidan laguntzea eskatzen diegu. Kamiseta hori bat jantzi, edozein, eta Usabalera gerturatzea. Larunbatean Errioxan izugarrizko giroa jarri zuten beraiek, eta guk ere horrelako harrera egin behar diegu».


Denboraldi ikusgarria amaitzeko, Laskorain Ikastolak igoera nahi du, eta aukerak, izan baditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!