Edukiera gehiagoko bosgarren edukiontzia jartzeko proposatu du EAJk

Ataria 2015eko maiatzaren 4a

Atez atekoa merkataritza eta ostalaritzatik kentzeko, bilketaren maiztasuna areagotzeko eta lurpeko edukiontziak berreskuratzeko konpromisoa ere hartu dute jeltzaleek.

Olatz Peonek prentsa ohar bidez azaldu duenez, jeltzaleek abian jarritako parte hartze prozesuan gehien errepikatu den eskaera, Tolosan 5. edukiontzia ezartzearena eta zaborra egunero bota ahal izatearena izan dira, eta hortaz, horren aldeko apustua egingo dute jeltzaleek. 

“Gure ustez gaur egungo sistemak ez du balio tolosarren beharrei erantzuteko, ez dator bat tolosarren ohiturekin eta edukiontzi kopurua ez da nahikoa eremu jakin batzuetan sortzen den hondakin kantitate handia jasotzeko" adierazi du Peonek. Horrez gain, "sistema berriak eragindako arazoak konpontzeko egungo gobernuak aldaketarik egin ez" duela salatu du. 

Era berean, atez atekoa merkataritza eta ostalaritzatik kentzeko konpromisoa hartu du, eta ahal den neurrian, lurpeko edukiontziak berreskuratzekoa. "Azken eskaera hori da parte hartzeko prozesuan gehien errepikatu den eskaeretako bat".

Bestalde, EAJk "gardentasun handiagoa" eskatu du Mankomunitatetik egiten diren jarduerei dagokienez. "EH Bilduk ez ditu garaiz ematen Mankomunitatearen jarduerari buruzko datu ekonomikoak. Tolosar guztien eskura egon beharko luke informazio horrek, modu garden eta azkar batean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!