Herriko kirol taldeekin lan egiteko konpromisoa hartu du EH Bilduk

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 30a, 19:06

Kirola norbanakoaren bizi kalitatea hobetzeko bitarteko bat bezala ikusten du Tolosako EH Bilduk. "Baina horrekin batera, oinarrizko baloreak transmititu eta herria dinamizatzen laguntzeko bitarteko garrantzitsua da", nabarmendu du Ibai Iriarte alkategaiak. Herriko kirol taldeekin bilera egin dute gaur arratsaldean Usabalen.

Tolosako EH Bliduk herritarren laguntzaz osatu du datorren legealdirako herri programa. Herriko eragile ezberdinei aurkezten ari zaie egunotan proposamenak azaldu eta iritziak trukatzeko. Gaur herriko kirol taldeen txanda izan da; "Datozen urteetan herriko kirol taldeek izango dituzten erronkei elkarrekin aurre egiteko prest gaude", esan dute Tolosako EH Bildutik.

Tolosan dauden kirol azpiegitura beharrei erantzuna ematen jarraitu nahi du koalizio abertzaleak. Ibai Iriartek horietako batzuk azpimarratu ditu: "Usabal kiroldegiko obraren hurrengo faseak aurrera eraman nahi ditugu eta Beotibar frontoia pixkanaka eraberritzen joateko urte anitzeko inbertsio plana diseinatu nahi dugu". Aurretik hitz eman bezala, Berazubiko estadioko hurrengo faseak aurrera eramango dira datozen lau urteetan eta Zerkausian enbarkaderoaren esparruko beharrak eta aukerak aztertuko dituzte.

"Kirola maila ezberdinetan egiten dute herritarrek. Badira kirol federatua egiten dutenak, baina baita aisialdian ariketa fisikoaz gozatzen dutenak ere. Guztiei eskaini nahi diegu babesa, Eskola Kirolan aritzen diren haurrez ahaztu gabe", esan du EH Bilduko hautagaiak.

Norabide horretan, kirol talde federatuei, egiturak indartzen lagundu nahi diete eta kontsulta juridikoei ahal duten neurrian erantzuna eman. "Elkarrekin biltzeko foroak indartu eta taldeen eskura jarri nahi ditugu herriko azpiegiturak".

Herritarrak kirola egitera bultzatu nahi dituzte Tolosako EH Bildutik, berriki martxan jarri duten Mugi Tolosa bezalako proiektuak bultzatuz eta haurren artean kirola modu hezitzaile, integral eta ez lehiakor batean sustatuz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!