Tolosa CFk maila galdu du

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 28a, 11:46
Argazkia: Javi Urola

Euskal Ligako taldeak 6-1 galdu du Eibarren aurka azken jardunaldian. Gizonezkoen taldeak 1-4 galdu zuen etxean Ostadarren aurka.

Ez da posible izan. Ahalegina egin dute Euskal Liga taldekoek, baina oso zaila zuten eta azken jardunaldian mailaz jaitsi dira. Tolosa CF datorren denboraldian Gipuzkoa mailan ariko da jokoan. Eibar liderrari irabazi egin behar zioten eta bere aurkari zuzenak, Berriotxoak galtzeaz gain, Tolosak lau gol gehiago sartu behar zituen. Azkenean, Berrio-Otxoak bere partida irabazi eta Tolosak 6-1 galdu zuen.

Partidan ondo hasi ziren Tolosakoak eta norgehiagoka borrokatua izaten ari zen. Kontraerasoan sartu zieten lehenengo gola, baina gero ondo erantzun zuten urdinek eta banakoa lortu zuten. Kazkabarra hasi zuen eta partida eten egin behar izan zuten tarte batean. Atsedenaldia iritsi aurretik, Eibarrekoek bigarrena sartu zuten.

Bigarren zatian arriskatu beharra zegoen eta aldaketak egin zituzten taldean, erasora joateko. Eibar, baina, talde oso sendoa dela erakutsi zuen eta aurrelariak oso azkarrak dituela. Hirugarren gola iritsi zen beraien aldetik, eta taldeko arduradunek aldaketak egitea pentsatu zuten, ikusita oso zaila zegoela neurketari buelta ematea.

Pena handiz hartu dute jaitsiera, baina Antxon Iglesias Tolosa CFko emakumezkoen sekzioko koordinatzaileak argi du datorren urtean borrokatuko dutela berriro igotzeko: «Orain oinarriak jartzea tokatzen zaigu. Beheko taldeetatik datozenak ondo ari dira eta denon artean prestatuko dugu datorren denboraldia. Azken partidak ere horretarako balio izan dute, oinarri hori jartzen joateko».

Orain Kopan lehiatzea tokatzen zaie. Etzi dute kanporaketaren lehenengo partida, Zarautzen aurka, Berazubin. Gogoz ekingo diote neurketari, ilusioarekin, datorren denboraldiko proiektu berria martxan jartzeko asmoz.

Igoera fasea, ia ezinezko

Ohorezo Erregional mailako Tolosak ez zuen lortu esperotako emaitza asteburuan. Etxean galdu ostean, igoera fasean sartzeko aukera ematen duen bigarren postua zortzi puntura dute orain. Lau partida falta dira denboraldia bukatzeko, eta oso zaila dute urdinek, ia ezinezkoa, lorpena erdiestea. Asteburuko emaitzarekin, gainera, Hernani sailkapenean aurreratu zaie eta horrek ere are gehiago zailtzen du igoera faserako txartela lortzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!