EH Bilduk garai berrietara egokitu nahi du Tolosako merkataritza

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 23a, 09:57

Tolosari "bizia eta nortasuna ematen dion sektorea" izateaz gain, "sektore ekonomiko indartsutzat" du alderdiak; atzo aurkeztu zizkieten, esparru horretako langileei, datozen lau urteetarako proposamenak.

Asteartean Tolosako Berdura plazan egindako agerraldian azaldu bezala, azken hilabeteotan garatutako herri programa eragileekin partekatzen hasi da, orain, Tolosako EH Bildu. Merkatari eta ostalarien txanda izan zen atzo, eta Ibai Iriartek eta Lore Agirrek azaldu zizkieten, herri programan sektore hori indartzeko dituzten proposamenak.

Besteak beste, "Tolosak duen ostalaritza eta komertzio sarea, herri honen dinamismoaren arrazoietako bat da, eta baita indargune ekonomiko ere, 1.500 pertsonari lana ematen baitio", Ibai Iriartek azpimarratu zuenez. Horrela, etorkizunera begira ere "zaindu beharreko esparrutzat" dute hautagaiek.

Bide horretan, datozen lau urteetan garatzeko proposamenak plazaratu zituzten merkatari eta ostalarien aurrean, sektorea etorkizunera begira jarriz. Batetik, belaunaldi aldaketari berebiziko garrantzia eman diote, eta Iriartek jada martxan den Berriz Enpresa proiektua izan zuen hizpide; merkataritza eskolako ikasleen eta merkatarien arteko harremana sustatzea ere jomugetako bat da. Halaber, itxita dauden lokaletako erakusleihoak biziberritzeko planari jarraipena emateko asmoa azaldu zuten.

Hirugarrenik, kontsumitzaileen eta komertzioen arteko gertutasuna errazteko TAO bonoak nahiz autobuseko txartelak merkatariei eskaintzea ere proposamenen artean du, EH Bilduk, herri programan.

Herriko zerbitzuen sektorea erreferentziazko gune izaten jarraitzeko, berriz, merkataritza garai berrietara egokitzeko beharra ere hizpide izan zuten, eta, horrenbestez, tokiko merkataritza interneteko salmentan ongi kokatzeko jomuga ere zehaztu zuten, efizientzia energetikoa bermatzeko plana proposatzearekin batera.

Azkenik, azalera handiko merkatalguneen irekiera mugatu ahal izateko Plan Orokorra moldatzea eta tokiko moneta sustatzea ere esku artean dituzten egitasmoak dira, tokiko ekonomia sustatze aldera; Oñati, Baiona nahiz Bristol (Britainia Handia) adibidetzat jarri zituen Ibai Iriartek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!