Hauteskunde programa eragileei aurkeztuko die EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko apirilaren 21a

Merkatari eta ostalariekin bihar izango da hitzordua, 20:15ean, kultur etxean.

Joan den larunbatean aurkeztu zuen, hauteskunde zerrenda, Tolosako Euskal Herria Bilduk. Gaur, berriz, programa jendarteratzen hasiko direla jakinarazi dute zenbait hautagaik, Berdura plazan.

Ibai Iriarte alkategaiak azaldu duenez, "hilabeteak" daramatzate, "Tolosako eragileekin eskutik, herriaren diagnosia eginez eta programarako helburuak zehaztuz". Horrela, beraz, duela hilabete gizarte eta kultura eragileekin egin zuten bezala, beste zenbait eragileri ezagutarazi nahi diete, orain, herri programa: "Egitasmoa aberastea da helburua, idatzita dagoena aberasteko aukera izango baitute, datozen lau urteotan".

Lehen hitzordua merkatari eta ostalariek izango dute, bihar bertan, 20:15ean, kultur etxean. Hilaren 30ean, berriz, Usabal kiroldegiko teknifikazio zentroa izango da elkargunean, kirol eragileei egitasmoa aurkezteko, 19:00etan. Azkenik, eragile sozioekonomikoei zuzenduriko beste saio bat ere prestatu dute, eta bertan izango dira, gainera, Gaindegiako Imanol Esnaola eta EHUko irakasle Joseba Garmendia. Saio hori maiatzaren 8an izango da, 19:00etan.

Eragileei bezala, herritarrei ere datozen egunotan iritsiko zaie, postontzira, Tolosako EH Bilduren programa. Bide beretik, gaurtik aurrera, sare sozialen bitartez ere irakurgai izango da egitasmoa, digitalean. Horrela, Ibai Iriartek parte hartzeko eta iritzia azaltzeko deia egin die tolosarrei, aurrez aurre nahiz tolosa@ehbildu.net helbidearen bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!