Haur sahararrek elkartasuna beharko dute, beste uda batez

Itzea Urkizu 2015eko apirilaren 23a

Oporrak Bakean egitasmoa aurkeztu zuten, atzo, Tolosaldeko zenbait alkatek.

Hamabost urte dira, jada, Oporrak Bakean programa abiarazi zutela. Euskadiko Frente Polisarioaren Ordezkaritzak ekindako bideak bertako herritarren elkartasuna izaten du jomuga, saharar errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren haurrek uda arinagoa igaro eta osasuna biziberritu dezaten.

Horrela, aurten ere ekaina amaieran iritsiko dira, neska-mutilak, Tolosaldera, bi hilabetez bertako herritarrekin bizi eta kultura nahiz jakintza elkartrukatzeko. Nora Urbizu, Unai Iraola, Eneko Maioz, Amaia Azkue, Jexux Peñagarikano eta Ibai Iriarte udal ordezkariek Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzeko deia egin nahi izan diete herritarrei, agerraldi baten bitartez: "Elkarbizitza hori bi aldeentzat izaten da aberasgarria, haurrek saharar errefuxiatuen kanpamenduetako errealitatetik asko aldentzen diren gauzak ikasten dituztelako, batetik, eta, aldi berean, guk beren balore, kultura eta egoera ezagutzen dugulako".

Horrela, beraz, "denbora pixka bat eta lotarako toki bat besterik ez dute behar neska-mutilek", udal ordezkarien hitzetan. Egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek beren udaleko gizarte zerbitzuetara jo beharko dute, eta handik kudeatuko dute guztia.

Oporrak Bakean egitasmoaren elkartasun keinuarekin batera, programa "konpromiso politiko bat azaltzeko bidea" ere badela nabarmendu du Urbizuk: "Saharar herriari eta beren arazoei bozgorailua jartzea izan dugu helburu lau urteotan, eta baita hango errealitatea salatzea ere, dagokionak entzun dezan".

Horrenbestez, Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek nahiz udal ordezkariek "aurtengoa azken uda" izatea espero dute: "Ea beren lur askeetan ikusteko aukera izaten dugu aurrerantzean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!