Olatz Peonek eta Jokin Bildarratzek "pasibitatea" leporatu diote udal gobernuari

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko apirilaren 17a

Jokin Bildarratzek bere hautagaitza babestu du, "lider partekatu izateko pertsona egokia" dela esanaz.

Tolosako EAJren alkategaiak agerraldia eskaini du, udaletxeko batzar aretoan, Jokin Bildarratz alboan zuela. Besteak beste, azken lau urteotan EH Bilduko udal gobernuak aurrera eman dituen proiektu guztiak aurreko legealdian onartutakoak izan direla azaldu du Peonek: "Horren adibide dira Euskal Herria plazako etxebizitzak, Amaiur parkeko estalkia, Amarotz auzoko urbanizatzea, Lehiberri zentroaren jarraipena nahiz Berazubi estadioaren eraberritzea".

Bide horrela, udal gobernuak "proiektu bakar bat abiarazi" duela azaldu du: hondakinak kudeatzeko sistema berria ezartzearena. "Egin dutena herri-kudeaketan egin behar ez denaren esku-liburua da", azaldu du Peonek. Horrela, beraz, aktibotasuna islatu nahi dutela azpimarratu du alkategai jeltzaleak.

Bere aldetik, Jokin Bildarratz alkate ohiak eta senatariak Olatz Peonen hautagaitza babestu du, hiru arrazoi nagusi hizpide izanik: "Batetik, herria ezagutzen du: goizean goiz korrika ikusiko dugu, eta gauean etxera bueltan, egun osoa herritarrekin igaro ondoren. Halaber, zortzi urtean Tolosako auzoekin kudeaketa partekatuan ezagutu dugu eta, azkenik, Tolosak behar duen aldaketa horretarako pertsona egokiena da bera: apala, langilea eta gertukoa; liderra".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!