"Euskaldun eta espainiar izatea naturaltasunez" aldarrikatu nahi du PPko alkategaiak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 16a, 19:19
Cano, YaƱez, Atxukarro eta Manrique izan dira agerraldian.

Pello Atxukarro lehen aldiz aurkeztuko da alkategai moduan; Plaza Zaharreko ikurriña kentzeko asmo osoa azaldu du Tolosan bizi den oiartzuarrak.

Pello Atxukarro Agirrezabala oiartzuarra da, eta 26 urte daramatza Tolosan bizitzen; aurten lehenengoz aurkeztuko da PPko alkategai gisa, zerrendan lehen ere joan izan den arren: "Tolosar askoren pentsaerarekin eta ideiekin bat gatozela uste dut eta, beraz, gure betebeharra da, hala dugun neurrian, herritar horien interesak defendatzea".

Agerraldian Angel Yañez alderdikidea, Iñigo Manrike PPko batzarkidea eta Juan Carlos Cano aldun nagusi izateko hautagaia izan ditu alboan eta, lehenik eta behin, euskaldun eta espainiar aldi berean izatea defendatu du Atxukarrok: "Euskaldunak izateaz gain, espainolak ere bagara, eta hori gauza natural moduan aldarrikatu nahi dugu". Bide horretan, gainera, espainola ere euskaldunen hizkuntza dela nabarmendu du alkategaiak: "Euskaldunak gara eta euskara da gure hizkuntza, eta euskara defendatzen jarraituko dugu. Baina espainola ere euskaldunon hizkuntza dela defendatuko dugu".

Beste esparru batera pasatuz, "pertsona norbanako moduan" defendatu du Pello Atxukarrok, norbanakoa kolektiboaren onurarako zukutu behar dela azpimarratuz, eta horretarako askatasuna ezinbesteko balorea dela esanaz: "Herri honetan, oraindik zalantzan dagoen zerbait da zoritxarrez, nahiz eta aurrerapausoren bat baden". Horrela, azken lau urteotan udal gobernuaren lana baloratuz, hondakinen kudeaketaren afera "herritarren askatasuna mugatzeko jokaera" izan dela salatu du PPren Tolosako alkategaiak, legealdi osotik auzi hori azpimarratuz, besteak beste.

Azkenik, erakundeei begira jarri da Atxukarro, batetik, erakundeetan lan egiten duten herritarrak defendatuz: "Funtzionarioak, poliziak, guardia zibilak,... Horiek bermatzen baitituzte herritarron eskubideak". Bestetik, berriz, PP Tolosako Udalera iritsiz gero abiaraziko lukeen lan baten berri ere eman du aurkezpen agerraldian: "Esan bezala, euskaldunak gara, eta ikurriña gure bandera da; espainiarrak ere bagarenez, ordea, ez dugu ulertzen Plaza Zaharraren erdian ikurriñak Espainiako bandera zapaltzea. Ni udalera iristen banaiz, egingo dudan lehen gauzetarikoa izango da plaza honetatik ikurriña erraldoi hau kentzea". Horrenbestez, "aipaturiko balore horiek guztiak biltzen dituen alderdia PP" dela defendatuz aurkeztu du bere burua: "Hori Espainia osoan egindako kudeaketagatik demostratua dago".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!