Aste Santuko oporretan bisitarien kopurua %37 igo da Tolosaldean

Eneritz Maiz Etxarri 2015ko api. 15a, 12:42

Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak opor egun hauen balorazio «oso positiboa» egin du.

Tolosaldea Garatzeneko Turismo Saileko arduradunak «pasa berri diren Aste Santuko bost egunetan 1632 pertsona hartatu ditugu eskualdeko informazio puntuetan» adierazi du. 2014ko Aste Santuarekin alderatuta, %37ko igoera izan da. Eguraldi onari esker izan dela argitu dute: «Igoera hau batez ere Larraitzeko Txindokiko Itzala informazio puntuan nabaritu dugu». Bizkaia eta Nafarroako turista asko gerturatu dira, eta baita egun pasa gerturatutako gipuzkoarrak ere: «Barne turismoa izan da igoera honen eragile». Gerturatutako turisten artean, berriz, Katalunia eta Madrildik etorritako turistak dira bezero fidelenak. Bisitarien izaerari dagokionean, bi heldu eta haurrekin osaturiko familia da gehien errepikatzen dena.

Museoak eta ekimenak
Gorrotxategi, Tradizio gozoa esperientziak «arrakasta itzela» izan zuela nabarmendu dute. Euskadi Reception bidai agentziaren bitartez etorritako turistek Gorrotxategi Museora bisita egiteaz gain, teilak egiteko tailerrean parte hartu zutela gaineratu dute. Topic museoak %22ko igoera izan du bisitarietan 2014. urtearekin alderatuta.

Bestetik, larunbat goizean eguraldi txarra izan arren, Karakol Saltsa programak jende asko erakarri zuela Tolosara, eta giro ederra sortu zela esan dute, Turismo Sailetik.

Ostatu hartutakoak
Eskualdeko nekazalturismo eta landetxeen bataz besteko okupazioa ostegunetik igandera bitartean, %82,41ekoa izan da, 2014ean, epealdi berean izandakoa baina 8 puntu gehiagokoa, hain zuzen ere. Euskadiko bataz bestekoaren parekoa izan da.

Hotel eta pentsioen kasuan, bataz bestekoa %70ekoa izan da. Hala ere, desberdintasun handiak daudela adierazi dute, hotel eta pentsioen artean, hau da, hoteletako bataz besteko okupazio tasa hotelen kasuan askoz altuagoa da pentsioenarekin alderatuta. Datuak, «oso onak» izan direla diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!