Tolosarrak kalera irten dira, gaur, igande goizaldeko gertakaria salatzera. Emakume batek eraso sexista jasan zuen atzo goizaldean, etxera zihoala, eta oihuka hasi zelako alde egin zuen erasotzaileak. Bilgune Feministak deitu du mobilizaziora, eta elkartasuna agertu nahi izan diote emakumeari: «Edozein testuingurutan edozein emakumeri gerta dakiokeen auzia da hau, eta, horregatik, jendarte bezala dagokion erantzun irmoa eman behar zaio».
Bide horretan, erantzunetik harago joateari berebiziko garrantzia eman diote: «Eskuak burura ematen ditugu horrelako gertakari larri baten aurrean, baina horrelakoak icebergaren punta dira, eta egunero irensten ditugu eraso sexistak. Horrelako zenbat gehiago bizitu behar ditugu emakumeok gure gorputzean?».
Larritasunaren aurrean poza ere azaldu du Bilgune Feministak, emakumeak egoera horretatik atera ahal izan zuelako, eta autodefentsaren garrantzia nabarmendu dute, Eraso sexistatik ez! Erasotzaileak kanpora! lelopean.
«Nazkatuta gaude»
Bere aldetik, Ibai Iriarte alkateak ere adierazpen argi eta gaitzesgarriak egin ditu, gaur goizean, ATARIA irratiko Pasahitza saioan: «Pozik gaude ustezko erasotzailea berehala identifikatu eta atxilotu dutelako, baina nazkatuta gaude. Nazkatuta, horrelako gauzengatik behin baino gehiagotan kalera atera behar izateagatik».
Bide horretan, eta atxiloketaren bidetik, tolosarrei lasaitasun mezua zabaldu nahi izan die: «Dena den, horrelako zerbait behin gertatzea gehiegizkoa da. Kasu honetan, gainera, behin baino gehiagotan gertatzearekin, kezkatuta gaude udalean. Gu bezalaxe, herritarrak ere nazkatuta daude emakumeek horrelako jazarpenak jasan behar dituztelako, eta horren azpian erroko matxismoa dago».