Errementari kalean, goizaldeko 04:30ak aldera, etxera bidean zihoan emakume batek gizonezko baten erasoa jasan zuen atzo goizaldean, gorputzeko hainbat atal ukitzen hasiz jazarri baitzitzaion. Emakumearen oihuen ondorioz, erasotzaileak ihes egin zuen.
Emakumeak goizean goiz salaketa jarri zuen eta, Segurtasun Sailak atxiloketa baten berri eman zuen, arratsaldean. Atxilotua Tolosako epaitegian izan da, goizean, epailearen aurrean deklaratzen. Ertzaintzak TOLOSALDEKO ATARIAri berretsi dionez, adin txikikoen aurrean exhibizionismoan aritzeagatik inputatua izan zen.
Gertakariaren harira, Tolosako Udalak adierazpen ofiziala plazaratu zuen atzo, horrelako erasoak gehiegitan gertatzen direla nabarmenduz: "Udalak ez ditu horrelako eraso, jarrera eta bestelakoak onartuko; sarriegi gertatzen dira, eta azkena inauterietan izan zen".
Bide beretik, horrelako jazoerek gizarteko errealitatea islatzen dutela ere azaldu du udalak: "Oraindik orain, gizartea ez da parekidea eta, horren benetako muina zera da, zenbait gizonek emakumeak baino gehiago direla uste izatea". Horregatik, genero politikei eskaini beharreko ahalegin eta konpromisoa berretsi dute.
Azkenik, herritarrei dei egin die eraso sexista guztiak salatzera, eta ildo horietako jarrerei aurre egitera. Tolosaldeko Bilgune Feministak elkarretaratzea deitu du gaurko, 19:00etan, Trianguloa plazan, eta bertaratzeko deia egin du udalak.