San Esteban auzoan alokairuzko 240 etxebizitza eraikitzea proposatu du EAJk

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 10a, 13:01

Olatz Peon eta Jokin Azkue jeltzaleek agerraldia egin dute San Esteban auzoan.

Azken osoko bilkuran Tolosako udal gobernuaren alderdiek onartutako proposamenaren aurka azaldu da EAJ. Udal gobernuak proposatutako 550 etxebizitzen ordez, San Estebanen 700 eraiki behar direla azaldu dute Olatz Peon eta Jokin Azkue jeltzaleek, eta etxebizitza babestu denak alokairuzkoak izatea, 240 zehazki.

Gizartea eta ekonomian "ematen ari diren aldaketei egokitzen diren formula berriak" landu behar direla esan du Peonek. "Aldaketa hauek, lan ezegonkortasuna eta soldata baxuak direla-eta, batez ere gazteenak etxebizitza eskuratzea zailtzen dute", gaineratu du, eta hori dela-eta proposatu dute gizarte-alokairuzko etxebizitzak eraikitzea.

Bere aldetik, Azkuek azaldu duenez, "udal gobernuak aurkeztutako plan orokorraren berrikuspena eskasa da eta ez die tolosarren behar errealei erantzuten". Azkuek dioenez, udalak izan behar du obraren sustatzailea, San Estebango lurren %60 inguru udal jabegoarena dela aprobetxatuz: "Sortutako plusbalioekin gizarte-alokairuzko etxebizitzak eraiki daitezke, baita auzoarentzat ekipamendu osagarriak ere, etxebizitzak eraiki ondoren plusbalioetatik geratuko liratekeen 3 milioi euroko kopuruarekin". Hori aurrera eramateko "udal gobernuak azaldu ez duen borondate politikoa" behar dela gaineratu du. Udal gobernuak aurkeztutako proiektuari "zehaztasuna" falta zaiola esan du Azkuek: "Korrika eta presaka landu da hauteskundeei begira, eta kea besterik ez du saltzen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!