Zabalik da bizikleten aparkalekuan izena emateko epea

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 9a, 17:26

136 bizikletarentzako lekua izango da Belena kalea zeneko estalpean; Alde Zaharreko bizilagunek erabili ahal izango dute.

Azaroan eman zuen, Tolosako Udalak, Kale biziak egitasmoaren barruko proiektu honen berri. Alde Zaharreko bizilagunei mugikortasun arazoak arintzeko helburuz, Letxuga, Korreo eta Nagusia kaleen arteko patioan bizikletentzako aparkalekua eraikiko dute, horrela.

Proiektuaren berri eman eta, bizilagunei egitasmoa azaldu ondoren, norbere bizikleta estalpe horretan aparkatu ahal izateko eskaera orria Udaleko Informazio Bulegoan, Udaten, utzi beharko da. Betetako datuekin batera, gainera, EHNA, NAN edo bestelako agiri legalak aurkeztu beharko dira, aparkalekua erabili ahal izateko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentuarekin batera.

Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da Alde Zaharreko bizilagun izatea eta, beraz, honako kale eta plazetako bizilagunentzat eskuragarri izango da zerbitzua: Andre Mari kalea, Andre Mari plaza, Armeria plaza, Aroztegieta kalea, Atari kalea, Berdura plaza, Plaza Berria, Enperadore kalea, Errementari kalea, Errota plaza, Felipe Gorriti plaza, Korreo kalea, Leitza kalea, Letxuga kalea, Kale Nagusia, Rondilla kalea (1etik 31ra, bakoitiak), Trianguloa plaza (1 zenbakia), Plaza Zaharra plaza eta Zerkausia kalea.

Etxebizitza gune horretan duten familia unitateek, etxe bakoitzean bizi diren pertsona kopurua adina aparkaleku eskatzeko aukera izango dute, eta adin txikikoen kasuan, guraso edo tutorearen izenean egin beharko dute eskera, ardura ere horiena izango delarik. Azkenik, nahitaezkoa izango da, aparkalekua erabiltzeko, Tolosako Udalarekiko zerga eta bete-beharrak egunean izatea.

Izen-emate epea amaitzen denean, udalak onartuen eta baztertuen zerrenda argitaratuko du www.tolosa.eus atarian eta udaletxeko iragarkien taulan, eta 10 egun naturaleko epea izango da iradokizun nahiz kexak aurkezteko.

Azkenik, onartuen behin-betiko zerrendako etxebizitza kopuruak aparkaleku kopurua gainditzen ez badu, zuzenean esleituko zaio aparkaleku bana etxebizitza bakoitzari; gainerako aparkalekuak, berriz, zozketa bidez banatuko lituzkete.

Bost urteko epea

Iraganean Belena kalea izandako gunean eraikiko dute estalpea, gehienez ere, bost urtez erabili ahal izango dute bizilagunek eta, hasiera batean, 07:00etatik 23:00etara bitarteko ordutegian soilik erabili ahal izango da.

Hasiera batean, erabiltzaile bakoitzak 10 euroko bermea ordaindu beharko du, eta aparkalekua erabiltzeari uzten dionean itzuli egingo dizkio, udalak, 10 euro horiek. Horrekin batera, urtean 60 euroko kostua izango du bizikleten aparkaleku honek; hilean 5 euro, alegia.

Aipatzekoa da, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako KPIaren arabera eguneratzen joango direla urtean ordaindu beharreko kopuru hori, eta epe bakarrean edo bi epetan ordaintzeko aukera izango dutela herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!