Alde Zaharreko patio bat, herritarrei eta bizikletei zabalik

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 25a, 15:49

Korreo, Letxuga, eta Nagusi kaleek eta Berdura plazak osatzen duten patioa gune atsegin bilakatu nahi du udalak.

Kale biziak egitasmoaren baitan, proiektu berri bat plazaratu du Tolosako Udalak, mugimortasunari eta herri bizi bati begira: Alde Zaharreko bizilagunek bizikletak gordetzeko gune berria izango dute.

Hainbat helburu batzen dituen egitasmoa da ezagutarazi dutena, izan ere, kaleak herritarrei zabaltzearekin batera, Alde Zaharra erakargarriago egiteko jorratu dute proiektua, eta baita mugikortasun jasangarria sustatzeko ere. Modu horretan, Tolosako Udalak patioak irekitzeko duen nahia beteko du, "eta pauso honen bidez beste batzuk ere etorriko dira", Ibai Iriartek azaldu duenez.

Tolosako Alde Zaharra Gipuzkoako bigarren Alde Zaharrik handiena da eta, eremu historiko guztietan bezalaxe, etxe gehienek ez dute igoigailurik; ezta trasteleku edo garajerik ere. Horri, herriko gune horretako populazioaren adina ere gehitu behar zaio, eta udalak datozen urteotan hainbat etxebizitza hustu egingo direla aurreikusi du.

Horrela, beraz, "Alde Zaharra bereziki goxo tratatu behar dugu, Tolosaren bihotza delako eta erakargarri bilakatu behar dugulako", Iriarteren ustez. Horregatik guztiagatik erabaki dute bizikletak uzteko espazio kolektibo bat egokitzea.

Guztira, hiru bilera egin dituzte herritarrekin. Proiektuaren ideia interesa dutenei azaltzeko baliatu zuten lehena eta, bigarren bilkuran, berriz, patioa osatzen duten inguruko etxeetako bizilagunekin elkartu ziren, bizikletentzako gunea egitearekin batera, bertako urak eta saneamendua ere berrituko baitituzte. Azkenik, hirugarren bileran, proiektuaren ia zehaztasun guztiak azaldu zizkieten bertaratuei. Araudia aurkeztea besterik ez da falta, beraz, eta urtarrileak egingo dute hori.

Espazio atsegin eta jasangarria

Erretengibeleko arkitektuek jorratu dute proiektua eta, alkateak azaldu bezala, eremu atsegin bat sortzea egitasmorako oinarrietako bat izan da. Bizigarritasun baldintzak ere hobetu nahi dizkiete inguruko tolosarrei, beraz, baterial natural eta jasangarriak erabili dituzte bizikleten estalpeak egiteko.

E forma edo orrazi forma duen estalpea diseinatu dute, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko baina, era berean, airea eta lasaitasuna duen espazio bat eskaintzeko: "Gure helburua ez da izan ahalik eta bizikleta gehien sartzea, leku goxo bat sortzea baizik". Bide horretan, "oso egitura arinak" izango dira estalpeak, Erretengibeleko arkitektuak azaldu duenez: "Gerora mugitzeko aukera eskainiko duten moduluak izango dira, behin-behineko proiektua izaki".

Orrazi formako estalpea osatuko duten modulu horiek izei egurrezkoak izango dira, eta goian estalki begetala izango dute, itxura atsegina eta jasangarria zaintze aldera: "Gehienezko altuera, berriz, gutxienekoa izango da, beraz, bizilagunei leihotik behera geratuko zaizkie estalpeak".

Bizikletak gordetzeko patioan 145 bizikleta inguru gordetzeko lekua izango da eta, aurrekontuari dagokionez, 145.000 euro ingurukoa izango da. Proiektua bere osotasunean prest izango da datozen asteotan, eta Eguberrien ondoren obrarekin hasteko moduan izango direla azaldu du udalak. Horrenbestez, datorren udaberrian erabiltzeko moduan izango da Alde Zaharreko bizikleten gordailua.

Gunea erabili nahi duten bizilagunek inauterien inguruan izango dute izena emateko aukera, erabilera arautegia ere ordurako prestatuko dutelako. Aipatzekoa da, kuota txiki bat ordaindu beharko dutela, eta eremura sartzeko ordutegia ere zehaztu egingo dutela, inguruko bizilagunen ongizatea bermatzeko; sarrera Korreo kaleko 25. zebakitik izango du aparkalekuak.

Azkenik, aipatzekoa da egitasmoaren berritzaile kutsua: "Gasteizen badira bizikletentzako aparkalekuak, baina ohiko lokaletan gordetzen dituzte. Herbeheretan sekulako aldea ateratzen digute halako kontuetan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!