Tolosako eta Anoetako udalek "alderdien interesak" salatu dituzte, bidegorriaren inguruan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko martxoaren 30a

Joan den astean Tolosa eta Anoeta arteko bidegorria ez egitea erabaki zuten, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EAJ, PSE-EE eta PPk hala erabakita.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015eko aurrekontuko egitasmoetako bat zen, Tolosa eta Anoeta arteko bidegorria egitearena. Aurrekontua, ordea, ez da onartu eta, beraz, partida bereziak sortu zituzten, proiektu estrategikoak aurrera eraman ahal izateko.

Zerrenda horretan txertatu zuten bidegorria egitearena, baina, zenbait eztabaidaren ondoren BBNNek ez dute onartu. Horren aurrean, Tolosako eta Anoetako udalek beren iritzia plazaratu nahi izan dute prentsa ohar bitartez: "Ez dugu ulertzen herritarrentzat horren garrantzitsua den egitasmo horren aurka nola bozkatu duten hiru alderdiek". Gainera, Tolosako udalbatzaren kasuan, aipatzekoa da bidegorriaren proiektuari zegokion testua aho batez onartu zutena plenoan.

Bi udalentzat ezinbesteko egitasmoa da, bi herrien artean oinez zein bizikletaz jende asko ibiltzen baita. Horrela, "alderdien interesak herritarren beharren gainetik" jarri izana leporatu diete, bi udalek, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiei: "Lanean jarraituko dugu azpiegitura hori oso garrantzitsua delako, eta gauzatzea lortu behar dugulako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!