Ipar martxa, oinez ibiltzeko teknika osasungarria

Iñigo Terradillos 2015ko mar. 27a, 14:23

Bihar egingo dute lehen ikastaroa eta hilero errepikatuko dute

Nordic Walking edo ipar martxa, hankei ezezik soinaren goiko alde osoari eragiten dion ibiltzeko modua da. Jarduera hau praktikatzerakoan bi makil berezi behar izaten dira. «Mugimendu atsegina eta leuna da eta eraginkorra osasunaren ikuspegitik», dio Manu Odriozola Euskadiko Nordic Walking elkarteko kideak.

Mendiko bastoiekin alderatuz gero, motzagoak dira erabiltzen dituztenak ipar martxan. «Zilborrerainoko neurria da egokia puntu hori erabakiorra baita gerriko mugimenduarentzat».

Manu Odriozolak esan duenez, «erresistentziazko kirola da hau eta kalkulatzen da gorputz osoko giharren %90 mugitzeko balio duela». Onuragarria da beraz, kirol gutxi egiten duten pertsonentzat baina baita beste kiroletan aritzen direnentzat ere; lantzen ez dituzten giharrak mugitzeko balio dielako. Beraz, ia mundu guztiari egokitzen zaio.

Bihar hastapen ikastaroa

Tolosako Usabal kiroldegian, Alegiako bidegorriaren hasieran egin dute hitzordua. Bihar goizeko 9:00etatik 12:00etara egingo dute eta izen emateak 30 euro balio du. Antolatzaileek bastoiak eramango dituzte parte hartzaileentzat.

«Hemendik aurrera hilean behin ikastaro bat egin eta kirol hau praktikatzera bultzatu nahi dugu jendea», nabarmendu du Odriozolak. Informazio gehiago nahi duenak www.nordicwalkingeuskadi.net helbidean izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!