Landa auzoetako egunerokoa errazteko, taxi zerbitzua martxan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 26a, 14:43

Aldaba, Urkizu eta Montezkue auzoek eskaripeko taxi zerbitzua izango dute, apirilaren 1etik aurrera.

Aldaba, Montezkue eta Urkizuko auzotarrek beren egunerokoa erraztuko dien tresna berria izango dute, datorren astetik aurrera: auzo-taxia. Tolosako Udalak abiarazitako esperientzia berria da, eta auzo horietako bizilagunen beharrei erantzuteko sortu dute, besteak beste.

Urkizuko Iñaki Iraolak azaldu duenez, "aspaldi sumatu genuen horrelako zerbitzu baten beharra, izan ere, auzoan gero eta helduagoak dira bizilagunak eta, arrazoi batengatik edo bestearengatik, ezin dute ibilgailurik hartu". Bide beretik, gaztetxoek ere joan-etorriak egiteko zerbitzu bat behar dutela azpimarratu du Iraolak, eskolaz kanpoko jardueretara joan ahal izateko, gurasoekiko halako menpekotasunik izan gabe. Beharraz jabetuta, horrela, landa-auzoetako zenbait bizilagunek proposamen bat egin zioten udalari, eta elkarlanean hasi ziren segituan.

Apirilaren 1etik aurrera martxan izango da auzoetarako eskaripeko taxi zerbitzua, bizilagunekin adosturiko ordutegiekin: "Herritarrekin aztertu ditugu ordutegiak, baina, zerbitzuan abian jarri ondoren, posible da aldatu behar izatea; erabilerarekin ikusiko dugu", azaldu du Hasier De los Rios zinegotziak. Bide horretan, astelehenetik larunbatera bitarteko zerbitzua izango da, eta, igande nahiz jai egunetan ez da taxirik izango.

Hiru eremu bereizi dituzte zerbitzua eskaintzeko, eta eremu bakoitzak ordutegi propioa izango du. Batetik, Urkizu-Auzo Txikia-Aldaba Txiki eremua izango da; bigarrenik, Ugane-Aldaba hartuko ditu beste zerbitzu batek; azkenik, Montezkue auzoko bizilagunei zerbitzua emango die hirugarren eremuko ordutegiak.

Bizilagunen eta udalaren arteko elkarlanaren fruitua proba pilotutzat jo dute aurkezpenean eta, beraz, ondo irtengo balitz, Santa Luzia nahiz Usabal auzoetako bizilagunekin ere antzeko zerbitzu bat adosteko asmoa azaldu du De los Riosek: "Bedaio kanpoan utzi dugu, auzoak bai baitauka, jada, Lurralde buseko zerbitzu propioa".

Autobusa, dimentsio txikitan

"Landa eremua bizi mantentzeko proiektu berriak eskaini behar zaizkie bertako bizilagunei", De los Riosen arabera. Horrela, udalak "ezinbestekotzat" du 300 baserri inguru horietako herritarrei bizimodua errazteko tresnak eskaintzea.

Auzoetako taxiek ordutegi zehatzak izango dituzte, baina ibilgailuaren beharra dutenek 608 77 33 93 telefono zenbakira deitu beharko dute, taxia eskatzeko. Horrela, goizeko lehen zerbitzua bezperan eskatu beharko da eta, gainerakoak, berriz, bi ordu lehenago eskatu beharko dira. Aipatzekoa da, behar bereziko ibilgailuak behar dituzten herritarrek jakinarazi egin beharko dutela.

 

Behin zerbitzua eskatuta, landa auzoetatik Tolosara jaisterakoan, geltokia Tolosako taxien gunea izango da; Asuncion klinikaren eta anbulatorioaren kasuan, bertaraino joango da taxia. Aldiz, Tolosatik auzoetara igotzerakoan, zezen plazan hartu behar da taxia.

Tarifak ere zehaztu dituzte aurkezpenean: pertsona bakoitzak euro bana ordaindu beharko du bidaia bakoitzean, beraz, bi eurokoa izango da joan-etorria. Auzoetako taxi zerbitzua lehen aldiz erabiltzeko, ordea, Tolosako Udalak bono berezi bat oparituko die bizilagunei, Tolosara lehen bidaia egin ahal izateko: "Txartel berezi honekin Tolosara jaitsiera udalak ordainduko die eta, hemen, Udaltzaingoan, 10 bidaiako txartel-sorta salgai izango dute", dio De los Riosek.

Izan ere, taxian diruarekin ibiltzea saihesteko eta, dimentsio txikiko autobus zerbitzua izaki, txartel horien bitartez funtzionatuko du zerbitzuak, egunerokoan. 10 txarteleko sortak 10 euroren truke salduko dituzte eta, beraz, 5 joan-etorri egin ahal izango dituzte; auzo bakoitzak bere koloredun sorta izango du, gainera.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!