Lapikoa bete sormen, Zerkausipean

Ataria 2015eko martxoaren 21a

Korrikari lekukoa hartuz, Sormenetik egitasmoa izan da, Zerkausi azpiko ontziratokian. Euskara izan da protagonista, eta Lapiko Festa aurkezteaz gain, lapurtarren bisita jaso dute eta Eñaut Elorrieta musikaria ere bertan izan da.

Auzolana oinarri, eta euskara, azoka eta kultura uztartu eta hauek hauspotzeko egitasmoa da sormenetik. Lehen aldiz antolatu dute.

Hasteko, Tolosa eta Uztaritzeren arteko senidetzea indartu nahi izan dute gaurkoan, eta azoka ezagutzeko aukera izan dute lapurtarrek. 11:00etatik aurrera, Lapiko Festa aurkeztu dute, Jone Amonarriz eta Unai Olalde antolatzaileetako bik. Gogora ekarri dute, lehen aldiz, 2009. urtean elkartu zirela Txapin Festa antolatzeko, besteak beste, gazteak lokaletatik atera eta euskara bera ere sustatzeko helburuarekin.

Iaz Lapiko Festa moduan egin zuten, beste helburu eta aurrerapauso batzuk eman nahian. Gazteei, larunbatetan Abastosetik agertzeko deia egin diete: "Auzolanean, eta herritik eta herriarentzat" egiten dutela nabarmenduz.

Jarraian, Eñaut Elorrietaren txanda izan da. Katixa Pereak, Xabier Zeberiok eta Joxi Ubedak elkarrizketatu dute, eta bere bakarkako kantuak entzuteko aukera ere izan da. Ahoz aho jaialdiak ere bere tartean izan du Sormenetik ekimenean, eta azokako produktuekin eginiko jakiak ere dastatu ahal izan dituzte bertan izan direnek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!