Juan Bautista Etxabe, burruntzi txapelketako hoberena

Ataria 2015eko martxoaren 21a

II. Euskal Herriko Burruntzi lehiaketa izan da goiz osoan zehar Tolosako Trianguloa plazan. Bederatzi parte hartzaileren artetik, arkumea ondoen erre duena Juan Bautista Etxabe donostiarra izan da.

Goizean goizetik, eguraldiak lagundu ez arren festa giroa nagusi izan da. 08:00etatik aurrera suak piztu, eta arkumeak erretzen hasi dira. Gaur egun burruntziarekin lan egiteko ohitura gehiena Gipuzkoan eta Bizkaian dago. Hauek izan dira parte hartzaileak: Joxe Angel Arriola. Lorenzo Ziarsolo, Eladio Perez, Unai Irazola, Urko Garate, Juan Bautista Etxabe, Mikel Erkizia, Joxean Lasa eta Juantxo Prieto.

Guztien artetik, txapela jantzi duena, Juan Bautista Etxaberen arkumea izan da saritua. Saria lortzearekin "poz handi bat" sentitu duela adierazi du. Sekretua ezin dela esan adierazi du irribarretsu, eta pazientzia dela gakoetako bat gaineratu du.

Bakoitzak hiruzpalau arkume erre ditu, ondoren jendearen artean pintxoak banatzeko. Arkume guztien artetik ia 1000 pintxo banatu dituzte, edariarekin lagunduta. Herritarrei saldutako pintxoekin bildutako irabaziak Etiopia-Utopia elkartera bideratuko dituzte, Wukro izeneko herrian errekak bideratu eta hango nekazaritza-bizitzari laguntzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!