Opengunea, bederatzigarren Encounterreko berrikuntza

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 11a, 12:49

Ostiralean hasi eta igandera bitarte, 600 parte hartzaile elkartuko dira, Usabal kiroldegian; aurkeztu berri dute egitasmoa.

Urtez urte eta errekorrez errekor doaz informatikazaleak, Gipuzkoan eta Gipuzkoatik kanpo. Izan ere, 41 segundo besterik ez ziren behar izan, ostiralean abiaraziko duten Gipuzkoa Encounterreko eserleku guztiak betetzeko.

Teknologia eta informatika pertsonekin uztartzeko topaketa dela nabarmendu dute, hainbat erakundetako ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egin berri duten aurkezpen prentsaurrekoan. Horrela, etorkizuneko langileak formatzeko gune garrantzitsutzat dute partya.

Lore Martinez Axpe Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendariarekin batera, Ibai Iriarte Tolosako alkatea, Jaime Dominguez Eusko Jaurlaritzako Informatika eta Telekomunikazio zuzendaria, Nerea Lupardo Euskaltel fundazioko ordezkaria eta Sabino San Vicente Gipuzkoa Encounterreko zuzendaria izan dira agerraldian.

Partyak gizartearen isla

Ostiralean 12:00etan inauguratuko dute 2015eko Gipuzkoa Encounter topaketa, bederatzigarrena; igandera bitarte, horrela, 600 pertsona elkartuko dira beren jakintza, ideiak eta sormena trukatzeko, 400 ordenagailutan.

Lore Martinez Axpek, bide horretan, informatikazaleen mundua gizarteko gainerako esparruen isla dela ohartarazi nahi izan du, Tolosan ospatuko duten Gipuzkoa Encounterreko 600 pertsonen artean, %13 soilik osatuko baitute emakumeek: "Honek zer pentsatua ematen du, Encounterrekoa ez baita kasu isolatu bat. Emakumeen presentzia askoz ere baxuagoa da industria teknologikoan. Lehenengo programatzaile informatikoa Ada Byron izan zen, baina orain gizonezkoen mundua da informatikarena. Finean, neskatoei ezin dizkiegu hegalak moztu, eta teknologiaren munduan txertatzen utzi behar diegu".

Neska edo mutil, 600 informatikazale horien bataz-besteko adina 29 urtekoa izango da, 15 eta 52 arteko parte hartzaileek eman baitute izena: "Ikastearekin batera, ezagunen arteko topaleku ere izaten da Gipuzkoa Encounter eta, horrela, gazte horiek guztiak ondo pasatzera ere bertaratzen dira", dio Ibai Iriartek.

Gipuzkoa eta Bizkaiko parte hartzaileak izango dira gehienak eta, horiez gain, Nafarroatik, Arabatik nahiz Espainiako hainbat txokotatik bertaratuko dira, segundoko gigabyte 1eko abiaduran nabigatzera.

Herritarrei zabalik

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru herrialdeetan informatika topaketak ospatu dituzte, aurten, lehenengoz; abenduan Araba Encounter topaketa izan zen eta Jaime Dominguezek azaldu duenez, oso harrera ona izan zuen. Barakaldoko Euskal Encounterra da jendetsuena, 4.500 ordenagailurekin, eta Openguneak bertan izaten duen arrakasta ikusita, aurten, estreinakoz, Tolosako partyan antolatzea erabaki dute; finean, ezein herritarrei ateak zabalik izango ditu gune berriak.

Besteak beste, teknologiaren munduko hitzaldi eta konferentziak eskainiko dituzte bertan, aro digitaleko pribatutasunaren inguruan (ostiralean 17:00etan), PuntuEUS domeinuaren inguruan (ostiralean, 18:00etan) eta telefono mugikorren nahiz tabletek musika sortzeko dituzten aukerez (larunbatean, 18:00etan), besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!