Hiru saio eta zortzi film, sekula bisitatu gabeko tokietaraino iristeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 10a, 16:42

Mendi Tour-ek Leidor aretoa hartuko du, bosgarrenez, datorren astelehenetik asteazkenera bitarte

Abenduan Bilbon ospatzen duten Mendifilm Festival jaialdiko ikus-entzunezko onenen sailkapen tentagarriaren zain dira, jada, mendiaren nahiz arrisku-kirolen maitaleak. Izan ere, Tolosako Leidor aretoak bosgarren urtez hartuko du Mendi Tour egitasmoa, datorren astelehenetik asteazkenera bitarte; hiru egun eta zortzi film.
Ibai Iriarte alkatearekin batera, Bilbao Mendifilm Festivaleko zuzendari Javi Baraiazarra eta Tolosako Udalak estreinakoz antolaturiko film laburren lehiaketako irabazle Mikel Sarasola izan dira agerraldian. Poza azaldu dute guztiek eta, «beste behin ere, gozatu ederra» hartuko dutela nabarmendu: «Gure eskualdean mendiarekiko lotura handia da eta, goi mailako mendizaleekin batera, milaka herritarren afizioa da mendia», dio Ibai Iriartek.
Azken urteotan Leidor aretoa hartu duen egitasmo honen harrera beroa ikusita, iaz udalak zerbait gehiago egin behar zuela pentsatu zuten: «Oargik aspaldi Iparragirre zine aretoan antolatzen zuen lehiaketa hura gogoan dut, ezezagunak zitzaizkigun leku horietara bidaiatzea ahalbidetzen ziguna. Horregatik, mendiko film laburren lehiaketa antolatzea pentsatu genuen», azaldu du Tolosako alkateak.
Horrela, Mikel Sarasolaren Ur guztien gainetik lanak jaso du 600 euroko ordainsaria: «Asteartean bertan izango da sari banaketa eta, datorren urtera begira, urte osoan barrena zabalik izango da bideoak bidaltzeko aukera».

Gozamena pantaila handira

Donostiarra da Mikel Sarasola kayaklaria, eta beste bi lagunekin batera, urtebetean munduan barrena izandako gozamen momentuak bildu zituen Ur guztien gainetik film laburrean: «Kirolaz gozatzen dugu eta nik, gainera, ikus-entzunezkoak oso gustuko ditut. Horrelako erakusleihoak oso eskertzekoak dira, beraz, gure lana ezagutarazteko eta espedizio gehiago egin ahal izateko».  
Sarasolaren lanak, Tolosako Udalaren lehiaketa irabazteaz gain,  epaimahaiaren sari berezia jaso zuen Bilbao Mendifilm Festivalen, eta AEBetan, Txilen, Argentinan, Norvegian nahiz Alpeetan harturiko irudiekin osaturiko lan ikusgarria da; martxoaren 17an eskainiko dute Leidorren.

Aldarrikapen bat ere bai

Bilbao Mendifilm Festivaleko zuzendari Javi Baraiazarrak Leidor aretoaren ikusgarritasuna nabarmendu du eta, horren harira, aldarri bat ere hizpide izan du: «Zinemaren aldeko aldarri bat ere izan nahi du Mendi Tour-ek, pantaila handian gozamena askoz ere handiagoa baita, horrelako filmak ikusterakoan».
Horrekin batera, Mendifilm esparru horretan dihardutenentzako aukera bilakatu dela zehaztu nahi izan du: «Proiektu batzuen amaiera eta beste batzuen bukaera izaten da, eta Euskal Herrian horretan ari direnentzako aukera paregabea da, munduari begirako leiho bat baitute, lanak zabaldu eta babesleak aurkitzeko».
Tolosako egitaraua «itzela» dela irizten du Baraiazarrak eta, berau ikusi ahal izateko, bost euroan erosi ahal izango da saio bakoitzeko sarrera; 19:30ean hasiko dira.

EGITARAUA

Martxoak 16, astelehena

- Eskalada bidaiak.

- Afterglow.

- Valley Uprising (Mendifilm 2014ko film onena)

 

Martxoak 17, asteartea

- Ur guztien gainetik.

- Caminos de Agua.

- Winter days.

- Drawn.

 

Martxoak 18, asteazkena

- Hiru handiak, Ñir-ñir

- Sati.

- Duct Tape Surfing.

- 2T on Paijupeak.

- Mission Steeps.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!