Eizagirre: "Defendatzea baino gehiago, baloia gidatzea gustatzen zait"

Asier Imaz 2015ko mar. 6a, 11:39

Tolosa CF, Añorga, Realeko teknifikazio zentroa, eta Euskal Selekzioa ezagutu ditu Nerea Eizagirre (Tolosa, 2000) futbol jokalariak.

Hala eta guztiz ere, ikasketei ematen die lehentasuna. Iniesta, Busquets, Isco, Rakitic... elkarrizketan atera diren futbol jokalarien izenak dira, eta nola ez, Mikel Aranbururena.

Tolosa CF izan zen hasiera.
Txikitan hasi nintzen Tolosan jokatzen. Añorgaren eskaintza denboraldi honetan jaso nuen, eta onartu ondoren, bertan ari naiz jokatzen.  

Hasieran, dena jolasa da.
Eskola Kirolean eskubaloian, saskibaloian eta futbolean ibiltzen ginen. Baina niri gehien gustatzen zitzaidana futbola zen. Hasieran mutilekin jokatzen nuen, eta gero, nesken taldera pasa nintzen infantiletan eta kadeteetan.

Zergatik futbola?
Dibertigarriena zelako. Gauza desberdin asko dituen kirola da, eta jokalari bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Talde bateko kide bezala beste hamaikaren aurka aritzea asko gustatzen zait.

Nolako jokalaria da Eizagirre?
Zelai erdiko jokalari bat. Eta defendatzea baino gehiago, baloia gidatzea gustatzen zait.  

Iniesta?
Nola jokatzen duen gustatzen zait. Añorgan Isco, Iniesta... antzeko postuan jokatzen dut. Selekzioarekin, aldiz, atzerago: Busquets, Rakitic...  

Tolosako garaiak gogoan al dituzu?
Bertan oso gustura egon nintzen, eta esperientzia oso polita izan zen. Bertan hasi nintzen, eta nire kluba da. Urtebete edo bi zaharragoekin jokatzen nuen, eta txikienetakoa nintzen, baina oso ongi zaintzen ninduten. Jokatu genuen ia guztia irabazi genuen. Taldean genuen giro horrengatik, Añorgara joatea ez zen hain erabaki erraza izan.

Zer moduz Añorgan?
Oso gustura. Egunero, entrenamendu eta partidei esker, hobekuntza bat nabari dut. Nesken futbolean, Añorga oso talde ona da.

Mutiletan Antiguoko izango litzatekeena?
Gipuzkoa mailan selekzio moduko bat da. Gero Reala egongo litzateke, baina 16 urte bitarte ezin da joan, ez duelako talderik.

Añorgan, punta erdi lanetan, azken pase hori emateko eta golak sartzeko ardura duzu.
Horretan saiatzen gara. Aurrera egiteko askatasun gehiago daukat. Orain arte, kadeteetan aritu naiz. 15 urte egitean, ordea, lurralde mailara jauzi egin nuen, eta hor gabiltza, Euskal Ligara igotzeko helburuarekin. Aurrena goaz, eta oso gustura gaude.

Hamaikakoan al zaude?
Abenduan aurre denboraldi txiki bat egin genuen, eta gero, entrenamenduetan gogor saiatuz, kostata baina lortu dut postu bat irabaztea.

Nolako entrenamenduak dira?
Erritmoa hartzea asko kosta zitzaidan hasieran. Tolosan bi egiten genituen, eta Añorgan hiru: astearte, ostegun eta ostiraletan. Bi orduko entrenamenduak izaten dira: lehen 45 minutuak fisikoak, eta ondoren baloia.

Realaren kamiseta janzteko aukera ere izan duzu.
16 urtetik beherakoentzat ez dauka talderik Realak. Horregatik, teknifikazio bat egiten dute, eta jokalari desberdinak deitzen dituzte, entrenamendu puntual batzuk egin eta lagunarteko partida batzuk jokatzeko. Harrobiaren hutsune hori horrela betetzen dute.

Lehengusuak zer esan zizun kamiseta hori jantzi zenuenean?
Mikel beti Realeko jokalaria izan da, eta kamiseta janztean beraz gogoratu nintzen. Familia bazkarietan eta, esaten dizu, kamiseta hori ondo defendatzeko.

Aholkurik eman al dizu Mikel Aranburu lehengusuak?
Entrenamenduetan gogor saiatzeko; umiltasuna eta lanarekin, ona bazera, iritsiko zarela.

Realetik bezala, Euskal Selekziotik ere deitu dizute.
Lehen aldiz 13 urterekin joan nintzen. Gazteena nintzen, eta oso urduri joan nintzen. Ondoan ni baino jokalari hobeak nituen, eta horrelakoetan, ikastea tokatzen da. Aurten berriro deitu didate, bigarren kapitain moduan eta ardura gehiagorekin. Toledon, Huelvan... ibili gara, eta oso gustura; jende asko ezagutzen duzu.

Eta ikasketak?
Azkenean, garrantzitsuena ikasketak dira. Horiek gabe ez zoaz inora. Egia da aurten denbora gutxiago dudala, baina ondo doaz, irakasle eta lagunen laguntza handia izan dut.

Eta mutilekin zer moduz?
Txiki txikitatik eurekin ibili naiz futbolean, eta asko laguntzen didate. Oso gustura egoten naiz beraiekin, eta egia esan, futbolaz hitz egiterakoan, neskekin baino hobeto moldatzen naiz eurekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!