Proiektu berria prest

Jone Amonarriz 2015eko martxoaren 4a

Et Incarnatus orkestrak Txorieri izeneko ikuskaria prestatu du, txorien kantuak oinarri hartuta. Hilabete amaieran egingo dute estreinaldia.

Orkestra tolosarrak François Rossé konpositore alsaziarrarekin eta Mixel Etxekopar xirulari eta musikari zuberotarrarekin garatu du proiektua.

Migel Zeberio zuzendariaren hitzetan "proiektu berezia" da prestatu dutena. "Et Incarnatus proiektu berritzaile eta ausartetan murgiltzen da. Eduki eta egitekoen aldetik behintzat" dio. Zeberioren esanetan, Txorieri lanak hiru mundu uztartzen ditu: "gure mundua, Xiberuko eta Pirinioetako soinu tresnak, eta txorien mundua, Rossé-ren eskutik". 

Pasa den igandean musika eskolan azken entsegu orokorra egin ostean, estreinaldia Gotaineko Xiru jaialdian egingo dute, hilaren 27, 28 eta 29an. Bertan haurrentzako emanaldia egingo dute lehenik eta gero publiko osoarentzat. Ondoren, adostuak dituzte dagoeneko Echon eta Hondarribian emanaldiak egitea. "Espero dezagun Tolosan ere egiteko aukera izatea" dio Zeberiok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!