Inauteriak 2015. Ondorengoak

Txarangazaleen itsasoa

Jone Amonarriz 2015ko ots. 23a, 11:54

Inauteriei bukaera emateko txarangen topaketa egin zen atzokoan. Elkarte ezberdinetako dozenaka musikari bildu ziren, eta euri azpian bada ere, musikariak kalez kale ibili ziren kalejiran, txaranga erraldoi bat osatuz.

Behin eta berriz esaten da inauterizale tolosarrei euriak ez diela etxean uzten. Ez hori bakarrik, txarangen doinuak ere ez dira geratzen barruraino bustita egon arren. Atzo, beste behin, demostratua geratu zen.

Estreinekoz, Kabila txarangaren 75. urteurrena baliatuz, txaranga topaketa ospatu zen. 200 musikari inguru batu ziren, inauterietako azken doinuak elkarrekin jotzeko. Kolore festa izugarria izan zen, bakoitza bere txarangako jantziarekin joan baitzen.

Zezen plazan bildu ziren musikariak. Kanpoan, Oria kaleko eta San Frantzisko pasealekuko bi aldeetan ere ikusmina handia zen, orain arte ikusi gabeko zerbait bizitzeko. Tamalez, hasi eta berehala euria hasi zuen, baina festak aurrera jarraitu zuen. Inor ez zen etxera joan.

Zerkausian bildu ziren ondoren elkarrekin bazkaltzeko, eta festarekin amaitu aurretik txaranga bakoitzeko partaideek diploma bana jaso zuten. Omenaldientzat tartea ere izan zen: besteak beste, Enrike Arostegi eta Miguel Mari Iraola omendu zituen Kabila txarangak. Mahai inguruan elkarrekin azken notak joz eman zitzaion bukaera egun berezi honi.

Erlazionatuak

Inauteriak ikuspegi berezi batetik

Mikel Iraola 2015 ots 24 Tolosa

Ideia originalenen jabeak, txapelapean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 ots 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!