Asteartita 2015

Zer moduz joan dira inauteriak?

Imanol Garcia Landa 2015ko ots. 17a, 20:05

Asteartita egunez inkesta egin diegu hainbat inauterizaleei, jakiteko nola bizitu dituzten festak, eguraldiari nola egin dioten aurre, eta oso deigarria egin zaien mozorrorik izan ote den.

 

Xabier Zeberio
Tolosa
«Denok esaten dugun berdina, eguraldi kaxkarregia. Ez zait asko axola eguraldi txarra, baina aurtengoa hain-hain txarra da. Azken egunera iritsi eta horrelako zaparradak ikusita lagun bati esan diot, erdi gaixo eta pena dudala asteazkena ez izatean. Hala ere momentu oso politak bizitu ditugu. Ostegun Gizeneko giroa oso berezia da. Igande eta astelehenean zezenetarako igoeran eta oso ondo, ateri izan zen eta. Kuadrillan txarangaren atzetik zezen plazara sartu gineneko unea nabarmenduko nuke».

 


Patrizia Karrera eta Ainhoa Mendiluze
Ibarra-Tolosa
«Lehen urtea da karroza ateratzen duguna, eta oso ondo ari naiz pasatzen. Iaz baino eguraldi txarragoa ez zela posible esaten genuen, baina ikusi dugu posible dela! Hala ere ikusi da inauteriak ez direla bertan behera geratzen ezerengatik, eta ondo baino hobeto pasa dugu! Inauteriak urtean behin izaten dira, eta ez baditugu aprobetxatu behar… hoztuko gara eta bustiko gara, baina gaur duguna bihar ez dugu izango! Bihartik aurrera gaixotuko gara. Arrantzale batzuk nola aritu diren gustatu zaigu. Agian ez da mozorrorik deigarriena baina, arrainekin putzutik putzura ibili ziren, jokoa eman zioten beren mozorroari».

 


Aimar Arozena
Ibarra
«Urtero bezala ondo pasatzen ari naiz, lagunekin eta festa giroan. Halere, urtero bezala ere euria eta horri aurre egitea tokatzen da. Baina ez du aitzakia izan behar ondo pasatzeko. Euritik babesteko karroza barruan sartu gara eta plastikoak ere erosi ditugu, baina halere blai geratu ginen. Unerik bereziena txupinazoa izaten da, ikasketak albo batera utzi eta egun batzuk ondo pasatzea duzu bakarrik buruan. Astelenita ere ederra izaten da, eta gauean sekulako parranda izan zen. Transformer moduan, zanko gainean bi metrotik gora harrapatzen zuen mozorro bat gustatu zait».

 


Jose Jabier eta Enaitz Tardio
Tolosa
«Gu beti mozorrotzen gara, eta ondo pasatu dugu, eguraldia aparte utzita. Egunero haurrekin ateratzean parranda gutxi egiten dugu gauean, eta goizetik ibiltzen gara. Famili giroan ibiltzen gara kuadrillarekin. Normalean beste urteetan karrozarekin atera gara, baina aurten komeria batzuekin ibili gara eta karro txiki batekin atera gara. Hurrengo urteetan aterako dugu berriro karroza. Eguraldia datorren bezala hartu behar da, inauteriek bere data dute eta. Gure kasuan barrutik euritakoa jantzita atera gara. Gero arropa ere hartu dugu eta bustitzen garenean aldatu eta aurrera. Pinguinoz jantzita atera gara eta jende asko ikusi dugu berdin jantzita. Ez dugu behintzat hotzik pasa».

 


Irati Mendinueta Hernandez, Laura Tapia Hernandez eta
Leire Hernandez Palacin (argazkian eskuineko hirurak)
Tolosa
«Goizetik gauera musikarekin dantzatzen eta lagunekin ondo pasatzen gabiltza. Euriak ez du asko laguntzen dantza egiteko, baina inauterietan beti saiatzen gara ondo pasatzen, eta euria badago bada berdin-berdin dantza egin eta ondo pasatu. Karrozan toldoak jarri ditugu eta behintzat ez gara hainbeste bustitzen. Asteartita da egunik onenetakoa, handienak parranda egitera joaten gara eta gauean. Gainera, igandean bana euri gutxiago egiten ari da».

 


Hodei Urkiola eta Julen Urrestarazu
Tolosa-Ibarra
«Ondo doaz inauteriak; eguraldiak ez du gehiegi lagundu, baina ahal dugun ondoen eusten ari gara. Hiru urte daramatzagu  segidan horrela, baina esaten den moduan, eguraldi txarrari aurpegi ona. Euritakoak eta aterkiak hartu, eta kanpotik eta barrutik busti, eta aurrera; inauteriak ondo pasatzeko horrela egin behar zaio aurre eguraldi txarrari. Inauterietan bi egun daude besteen gainetik daudenak: osteguna, guztiaren hasiera dela, eta gero igandea, lehenengo eguna, jendea gogo gehiagorekin dago. Mozorro bat deigarria izan da maletena, fakturatu ondoren karro txiki batean hegazkinera eramaten dituzten horietakoa; oso originala zen».


Kity Urkola
Tolosa
«Inauteriak ondo joan dira. Azken egunean pixka bat  nekatuta. Azken finean, eguraldiaren muga horrekin, baina aterpea badaukagu, eta ondo aprobetxatu dugu. Gure festa egiten dugu hemen barruan eta kanpokoa hor konpon. Asteartita egun polita izaten ari da, goizetik denak martxan, eta ez daude jende pilaketak, lagunak ere gerturatzen ari dira, publikoa izaten ari gara eta horrekin pozik. Igandean eta asteartean karrozan sartuta ibiltzen gara eta ez ditugu hainbeste ikusten besteen mozorroak, baina batzuek politikoen parodia egin zuten Enrique Iglesiasen kantuarekin eta gustatu zitzaidan».




Eneko Usandizaga
Andoain
«Badira urte batzuk ateratzen naizela kuadrilla honekin eta oso ondo ari gara pasatzen, bustita pixka bat, baina gustura. Atertzen duenean, aterkiak itxi eta dantzara; bitartean ahal den moduan egiten diogu aurre. Nik uste dut, denentzat bezala, guretzako okerrena euria dela; hotza pasatzen duzu eta  haizea ere, baina euria okerrena da, baina umorez aurre egiten diogu. Niretzako egun bereziena igandea da, hasiera delako, lehenengo eguna, mozorroa estreinatzen duzu eta jende asko etortzen da. Asteartea lasaiagoa da, eta gozatzen dugu baita ere».

 


Josune Sanchez (erdian)
Tolosa
«Oso gustura gabiltza, poz-pozik eta animatuta, nahiz eta eguraldia ez izan ona; umorearekin dena ematen da ondo. Egunik onenak guretzako igandea eta asteartea dira, karrozarekin ateratzen gara eta gehien aprobetxatzen ditugun egunak dira: Baso Sorginduaz mozorrotu gara. Abendu hasieran hasi ginen karroza egiten eta bi hilabetez ere aritu gara dantza prestatzen eta gustura gaude».

 


‘Ikerne’ Uson
Tolosa
«Inauteriak ondo doaz. Nik uste dut tolosarrok gogo asko bota diogula. Eguraldi txarra egiten ari da, eta egia da guk aterpe pixka bat bilatu dugula, baina halere jendea animatzen da. Azkenean urtean ditugu hiru-lau egun hauek eta aprobetxatu behar ditugu. Gero egia da pena ematen dizula, batez ere txikiengatik edo adineko jendea, parte hartu nahi dutela eta ez du hainbeste aukera. Urte bat gelditzen zaigu hurrengoa etortzeko. Egunik bereziena igandea izaten da. Normalean konpartsa batean ateratzen bazara igandea izaten da egun handia. Eta gero Ostegun Gizena, nik uste bi egun horiek direla politenak. Astearteak badu, arratsaldetik aurrera, tristura puntu bat».

 


Isitxo Larrañaga
Tolosa
«Primeran doaz inauteriak, eguraldia bakean utzita, primeran doaz. Babesean gaude, baina lerarekin ibiltzeko asmoa genuen eta ez da posible izan. Eguraldiari aurre egiten zaio gogoarekin eta barruan daramakigun inauterietako zaletasun horrekin, nahikoa da. Halere, egia esan, ez dakit nondik ateratzen den hainbeste ur, hor goian hutsik egon behar du. Egun guztietan gozatzen dut, inauteriak orokorrean dira bereziak. Oso deigarria egin zaidan mozorrorik ez zait etortzen burura orain, baina beti ikusten dira oso mozorro bereziak, jendeak oso ideia bitxiak dauzka: horiek dira Tolosako Inauteriak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!