Jaiki, garbitu, eta prentsa erostera joan naiz. Ondoren, ez dudanez gosaltzen, Txinparta nire elkartera joan naiz, hamaiketakoa egitera. Emaztearekin batera, ardo on bat dastatu, eta itzuli bat eman dugu Alde Zaharrean. Pare bat ardo hartu ditugu, zer giro zegoen ikusiaz, eta gero, bazkaltzera joan gara, 14:00ak inguruan. Bazkalostean, kafea eta kopa hartu ondoren, kotxez leku jakin batera joaten naiz. Gure inauterien aurkari handi bati bisita egiten diot; Monseñor bezala ezaguna bera. Eta inauteriak iritsi direla gogoratzen diot. Segidan, haur danborrada ikustera joateko asmoa nuen, gure elkarteko kantinera ateratzen baitzen, eta baita hainbat biloba ere. Hauek gainera, Aiz Orratz Elkarteak antolatzen duen mozorro lehiaketan, sarituak izan dira.
Ez naiz helduen danborrada ikustera joango. 2000. urteaz geroztik ez naiz joan. Urte horretan kendu zituzten Erregina eta Ohorezko Damak. Kontu hori, ia osotasunean, nik eramaten nuen. Eta gai honen harira galdera bat daukat, gainera: Zer egiten du Galtzaundik, Kultur Etxeko balkoian?
Txinparta Elkartean afalduko dut, eta ondoren, buelta bat emango dugu, giroa ikusteko. Baina itzuli txikia izango da, ohera goiz joateko. Izan ere, bihar (gaur) hasten baitira inauteriak Diana jendetsuarekin. Non daude 60. hamarkadako urte haiek? Dianan 30 edo 40 lagun bakarrik elkartzen ginen orduan... Urteek ez dute barkatzen. Hori bai, azken 35 urteetako ohitura mantentzen jarraitzen dut: inauteriak iristeko bi hilabete falta direnean, bizarra uzten hasten naiz.
Amaitzeko, aldarrikapen bat eta desio bat. Lehena: Tolosak egunen batean inauterien museo bat izatea espero dut, bertan gorde eta erakusteko, jantzi, programa, argazki, bideo eta abar. Laburbilduta: tolosarrok bildu dugun material guztia. Gure antzinako inauteriak oraindik eta aberatsago egingo lituzke. Azkenik, tolosar eta kanpotar guztiei, inauteri zoriontsuak bizitzea opa diet!