Tolosako Inauteriak inoiz ez bezala bizitzeko aukera Atariarekin

Ataria 2015ko ots. 6a, 13:34

Egin klik irudian, eta ikusi Ostegun Gizenak eman duen guztia ataria.info-n.

TOLOSALDEKO ATARIA-k eta 28 Kanalak elkarlana abiatuko dute hemendik aurrera. Lehen mugarria Tolosako Inauteriak izango dira, eta ostegun gizenean ordu eta erdiko zuzeneko saio berezia eskainiko dute Tolosako Kasinotik.

Saio berezia 10:45ean hasiko da, eta bertan zuzeneko elkarrizketak, inauterien prestaketen inguruko bideoak eta bestelakoak ikusi ahal izango dira. Saio hori jarraitzeko hainbat modu izango dira: ATARIA Irratia (107.6 FM), 28 Telebista, eta internet bidez, ataria.info eta 28kanala.eus webguneetan.

'Ataria', egunero inauterietan

Bestalde, TOLOSALDEKO ATARIA-k ahalegin berezia egingo du aurten ere inauteriei begira, eta ostegunetik hasi eta asteartera bitarte, egunero banatuko da egunkaria harpidedunen artean, egunak utzi dituen irudiak eta protagonistak bilduz. Aste osoan ez da atsedenik hartuko.

Horrez gain, etengabeko jarraipena egingo da ataria.info webgunean, eta egunean bertako argazki galeriak eta bideoak egongo dira ikusgai. Sare sozialetan ere informazio guztia zintzilikatu da, eta Twitterren #inauteriak15 hastag-a erabiliko da.

Gainera, ATARIA Irratiak zuzeneko beste hiru saio eskainiko ditu Fronton Kafetegiko terrazatik. Protagonista mordoa pasako da mikrofonoen aurretik. Esan beharrik ez da, parte hartze zabala bultzatu nahi dela, eta parte hartu nahiko lukeen orok bertara azaldu besterik ez duela izango. TOLOSALDEKO ATARIA-ren Inauterietako Argazki Lehiaketak ere ez du hutsik egingo, eta argazki onenek sari bikainak lortuko dituzte. Guzti honen berri aurrerago emango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!