Den denek ikasi dute

M.Iraola 2015ko ots. 4a, 12:33

Natural Rioja Vintage, bigarren sailkatuari uste baino errazago irabazi dio TAKE-k; hirugarren garaipena du jarraian

A zer neurketa larunbatekoa! Benetan itzela. Eta parean bigarren sailkatua zegoela kontutan hartuta, merezimendu handikoa ere bai.

Pasa den astean, Yon Gonzalezek Ataria Irratia-n aurreratu zuen jokalari onez osatutako taldea zela Errioxako Natural Vintage, baina horiek itzalpean mantenduz gero, irabazteko aukera izango zutela. Eta hori egin zuten. Gonzalez eta Rekondok ongi baino hobeto aztertu zituzten aurkariak.

«Astean zehar lan handia egin dugu, eta nabaritu da», zioen Alainek, bigarren entrenatzaileak, partidaren ostean. Eta ez da gutxiagorako. Jokalariek ikasita zuten zer egin behar zuten, buruz jokatu zuten, eta zaila zirudiena, erraza –edo errazagoa, behintzat– bihurtu zuten.

(Entzun Alain Rekondoren hitzak Ataria Irratian)

Neurketa paretsu hasi zen, bataren zein bestearen saskiraketak trukatuz, eta 19-20 amaitu zen lehen laurdena. Bigarrenean, ordea, tolosarrek sekulako erakustaldia eskaini zuten. Defentsan nahiz erasoan nagusi izan ziren, bikain jokatu zuten, eta 15-0ko partzialaren ondoren errenta bikaina eskuratu zuten. Hortik aurrera alde hori bikain kudeatu zuten, eta atsedenaldira 47-32ko emaitzarekin iritsi ziren.

Bigarren zatian, presiora irten ziren errioxarrak, eta une batzuetan zailtasunak izan zituen TAKEk. Bederatzi puntura ere hurbildu ziren, baina une bateko irudikeria besterik ez zen izan. TAKE nagusi izan zen. Emaitza lehenagotik gustagarria bazen ere, neurketak bukaera borobilagoa behar zuen. Eta hor azaldu zen Iñigo Moreno –larunbatean hoberenetakoa– azken segundoan txapela bat jartzeko. 90-74.

Hirugarren garaipena jarraian, seigarren sailkapenean, eta konturatzerako joan da lehen itzulia. Hamahiru neurketa jokatu eta erdia baino gehiago irabazita. Edonork sinatuko luke hori udan. Jada guztiek jokatu dute tolosarren aurka, eta den denek ikasi dute zer den TAKE: hobeagoak edo txarragoak izateari begiratu gabe, inoiz etsitzen ez duen talde bat.

(Goar Artetxe partida amaitu ostean)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!