Bederatzi jardunaldi jokatu ostean sailkapen nagusiaren gorenean mantentzea lortu dute hirurek. Irisarri eta Amundarain Open mailan nagusitu dira. Lehena Euskadi taldearekin lehiatu da txapelketa honetan.
Amundarainek 151 punturekin amaitu du txapelketa, proba gehienak irabaztea lortu ondoren. Super U taldeko Marion Loustanau izan da bigarren, 128 punturekin, eta Caja Rural - Bidebideko Nekane Gomezek osatu du podiuma 121 punturekin.
Gizonezkoetan, kadete mailako txapelketa irabazi du Iribarrek. 427 puntu batu ditu, bigarren amaitu duen Urko Oyarzabal donostiarrak baino 86 gehiago. Hirugarren, Allerruko Imanol Isasa izan da, 327 puntu batuta.
Aitor Aiertza, Oriako Txirrindulari Eskolako presidentea, "oso pozik" azaldu da emaitza hauekin, izan ere, "ikasketa prozesu" bezala hartzen dute pistako txapelketa: "Neguan, eguraldi txarra medio, belodromoan entrenatzen dugu, errepidea arriskutsua izaten delako. Baina, berez, errepidera bideratzen ditugu txirrindulariak. Pistakoa baliatzen dugu ikasteko eta jakin dezaten nolakoa den. Beraz, lortutako emaitzak oso onak dira guretzat".
Datorren astean, taldekako Gipuzkoako Sariaren bigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute, eta hilabetearen azken asteburuan, Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dituzte.