850 partaide Ero-Etxe krosean

Asier Imaz 2015ko urt. 15a, 15:15

Aitor Saez Ero-Etxe Elkarteko kidea da. Aurten krosa antolatzea tokatu zaio, eta lan handia egin ondoren, dena prest dute iganderako.

Ero-Etxe Elkarteak bere krosaren 28. edizioa antolatuko du igande honetan. Aurrez gogotik aritu dira lanean, baina egindako saiakerak saria izango duela badakite elkartekoek: «Lan asko dago egin beharra, baina helmugan, haur bakoitzak bere domina hartzen duenean jartzen duen aurpegiak dena merezi du». 850 haur izatea espero da irteera puntuan, inguruko ikastetxeetatik etorriak. Hala eta guztiz ere, egunean bertan izena emateko aukera egongo dela esan dute antolakuntzatik.

Tolosako San Frantziskotik irtengo dira lasterka txikiak. Adinaren araberako distantziak egingo dituzte. Parte hartzaile guztiek jasoko dute saria, «garrantzitsuena parte hartzea eta bakoitzak bere neurrian proba bukatzea da».

Krosa

Hilak 18, igandea
11:30. Infantil mutilak (2001-2002). Bi itzuli luze. Guztira, 2.800 metro.
11:45. Infantil neskak (2001-2002). Itzuli motz bat eta luze bat. Guztira, 1.950 metro.
12:00. Alebin mutilak (2003-2004). Itzuli luze bat. Guztira, 1.400 metro.
12:15. Alebin neskak (2003-2004). Itzuli luze bat. Guztira, 1.400 metro.
12:25. Benjamin mutilak (2005-2006). Bi itzuli motz. Guztira, 1.100 metro.
12:35. Benjamin neskak (2005-2006). Bi itzuli motz. Guztira, 1.100 metro.

Trafiko aldaketak
Krosak irauten duen bitartean, trafiko aldaketak izango dira Tolosako erdigunean zehar. Esaterako, Rondilla kalea itxita egongo da 09:00etatik 14:00etara. Ibilbide luzeko autobusek, Continental-Alsa, Conda-Roncalesa eta Pesak, Rondillan beharrean, Santa Klaran egingo dituzte geldialdiak. TSST autobusak, berriz, Amarotzetik sartuko dira eta geldialdiak Zezen plazan, Nafarroa Etorbidean eta Jon Andoni Irazustan egingo dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!