Mario: "Gola ontzat eman izan balu epaileak, beste partida bat ikusiko zen"

Asier Imaz 2015ko urt. 5a, 21:14

Iker Dorronsoro entrenatzailea ez zegoen gustura igandean, partidaren ondoren. Hiru puntuak nahi zituen igeldoarrak, baina ez zen posible izan, eta horregatik zapore gazia. Bestalde, zapore gozoa, taldeak lehen ordubetean erakutsi zuen lehiakortasunak ematen zion, eta alde horretatik, gustura zegoen bere jokalariekin.

«Euren bi golak gure bi akatsetatik etorri dira, eta hori izan da talde baten eta bestearen arteko aldea», zioen erregional mailako taldearen entrenatzaileak.


Real Union eta Tolosa CFen arteko lehia ongi hasi zen urdinentzat, Bereziren jaurtiketa batekin. Endikak areaz kanpo baloia kontrolatu, eta atzetik zetorren hernaniarrak ederki eman zion baloiari, baina kanpora. Bigarren minutua zen.


10.goan, alboko epaileak zalantzazko falta bat adierazi zuen. Ezker hegalean, areatik gertu. Bertatik egin zuten zuzenean erdiraketa, eta Ruben tolosarren atezainak huts egin zuen. Irteera oker baten ondoren, baloiak Gomezen oinak jo eta sareetarako bidea hartu zuen irundarren defentsak ere espero ez zuela: 1-0.
22. minutuan, partidako jokaldirik politena etorri zen. Baloia alde batera eta bestera mugitu ondoren, Mariok hartu zuen. Tolosarren kapitainak hiru aurkari utzi zituen atzean, dotorezia handiarekin. Ondoren, atzelarien bizkarrean jarri zuen baloia, Fuentes atezainaren aurrean utziz. Honen jaurtiketa gelditu egin zuen Alejandrok, baina erretsazea Bereziren oinetara joan zen, eta honek, sareetara. Ospakizuna ordea epaileak moztu zuen, besoa jasoz eta jokoz kanpo adieraziz. Lastima.


38. minutuan antzeko protagonistak izan ziren Real Unionen arean. Marioren erdiraketa bikaina, eta Berezik, oso gutxigatik baloia kanpora bota zuen.


43.goan, Fuentesena izan zen aukera. Aurrelari tolosarraren jaurtiketa Alejandro atezainak geratu zuen.
Bigarren zatia hasi bezain pronto, 53. minutuan, Endika berastegiarrak izan zuen berdinketa bere oinetan. Ezker hegaletik arean sartu, aurkaria atzean utzi, eta baloiari efektoa eman zion bigarren postea bilatuz, baina defentsak ukitu eta kornerra. Hortxe amaitu zen urdinen esperantza, izan ere, 61.enean etorri zen Real Unionen bigarrena, tolosarrek baloia zelai erdian galdu ondoren, kontraerasoan, eta Omarren oinetatik. Hirugarrena eta azkena, 93. minutuan izan zen, eta Ollok sartu zuen. Tolosa jadanik partidatik joana zen.

ELKARRIZKETA

Klase handiko erdilaria da tolosarra. Baloia zaintzea gustatzen zaion horietakoa. Defentsan ere gogotik saiatzen da, eta oina sartzeko ez du beldurrik izaten. Zortziarekin eta kapitain bezala jokatu zuen igandean Irunen Mariok. Urdinetan onena izan zen. Lehen zatian, hiru aurkari atzean utziz, jokaldi izugarri ederra egin zuen; golean amaitu zena. Epaileak jokoz kanpo izan zela esan zuen. Partidaren gakoetako bat.

3-0 galdu arren, 61 minutu txukun egin ditu Tolosak.
Aurreneko zatian oso ondo atera gara zelaira. Aukerak egin ditugu, eta gol bat ere sartu dugu, baina epaileak balio gabe utzi du. Ontzat eman izan balu, beste modu batera ikusiko genuen gaurko partida.

Defentsan egin duzuen akats baten ondorioz sartu dute beraiek lehen gola. Ondoren, ordea, erasoan jarraitu eta aukerak sortu dituzue. Hor etorri da euren bigarrena.
Bai, horrela izan da, eta bigarrena sartu digutenean, partida maldan gora gelditu zaigu, eta markagailuari buelta ematea zaila zegoen.  

Korner batean, taldekideak animatzen ikusi zaitugu. Partidatik kanpo zinetela esaten zenien.
2-0 joan arren, gol bat sartuz gero, oraindik partida irekia geldituko zela ikusten genuen, eta horretan saiatu gara. Azkenean, ordea, ez dugu lortu.  

Taldeak itsura ona eman du lehen 60 minututan. Zure partida ere ikusgarria izan da, jokaldi ederrak eginez. Nola ikusi duzu zure burua zelaiaren barruan?
Gabonetatik bueltan gaudela nabari da, eta fisikoki oraindik zerbait falta zaigula. Baina sasoia hartzen joango gara, eta nahiko gustura nago alde horretatik, baita nire buruarekin ere.

Azken lau partidak irabaziak zenituzten, tartean sailkapen nagusiko bigarrenaren aurka jokatu zenutena. Bosgarrena galdu arren, balantzea modu positiboan egitea besterik ez dago.  
Horrela da. Bostetik lau irabazi ditugu, 15 puntutik 12 lortuz. Hurrengo bi partidak etxean jokatuko ditugu, eta horiek irabazten baldin baditugu, sailkapen nagusia beste modu batera ikusiko dugu.

 

ENTRENATZAILEAREN HITZAK

 
SAILKAPENA
 
Real Union    3
Tolosa CF      0


1. Aretxabaleta                                 37p
2. Aurrera                                        36p
3. Beti Gazte                                    28p
4. Anaitasuna                                  26p
5. Tolosa                                         26p
6. Hernani                                       25p
7. Martutene                                    25p
8. Real Union                                   23p
9. Touring                                       21p
10. Ordizia                                      21p
11. Elgoibar                                    20p
12. Zarautz                                     20p
13. Bergara                                    19p
14. Aloña Mendi                              17p
15. Ostadar                                    16p
16. Usurbil                                     14p
17. Hondarribia                              12p
18. Antzuola                                    7p

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!