Odolkirik onena, Garikanorena

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 20a, 19:28

San Blas elkarteak antolatutako lehiaketa bigarren aldiz jarraian irabazi du Luis Mari Garikanok; Iñaki Zubeldia beasaindarra izan da bigarren sailkatua.

Gabonetako azoka bereziaren barruan, San Blas elkarteak odolki lehiaketa antolatu du, beste behin. 08:00etan hasi dira eltzeak berotu eta odolkiak prestatzen, eta epaimahaia goiz osoan lanean aritu da.

Hamabi parte hartzaile izan dira aurten, harategi Gipuzkoarretakoak denak: Orioko Kepa Loidi, Ezkio-Itsasoko Jesus Mari Deba, Tolosako Luis Mari Garikano, Ordiziako Mujika, Ordiziako Javier Otegi, Tolosako Muñagorri, Beasaingo Julian Mujika, Aiako Txarri Txiki, Tolosako Sukia, Zarauzko Gesalaga- Otzarreta eta, azkenik, Beasaingo Iñaki Zubeldia.

Horrela, epaimahaiak ideiak "oso argi" izan dituela azaldu du Paskual Urdanpilleta epaimahaikideak: "Batzuk oso-oso onak zeuden eta, txarrik ez zegoen arren, alde handia izan da, gaur, batzuetatik besteetara". Sekretu asko daudela azaldu du Amarotz jatetxeko arduradunak eta, bat esaten hasita, hesteak duen garrantzia nabarmendu du: "Hestea zenbat eta errazago moztu, hobe izaten da, odolkia ez baita zanpatu behar mozterakoan. Gainera, hestea biguna bada, askok kendu ere ez dute egiten; gaur gehienak bigunak izan dira, egia esan".

Bide beretik, barazkien arteko oreka ere ezinbesteko ezaugarria da odolki on bat egiterakoan: "Ondo txikituta egon behar dute, puska handiegirik gabe, eta proportzioa mantentzea ere ezinbestekoa da: ez dadila tipula gehiegi eta porru gutxiegi egon, adibidez".

Urdanpilletarekin batera, San Blas elkarteko Aitor Arbelegi, Amarotz Auzo Elkarteko Idoia Mariñelarena, Astelena jatetxeko Pello Doyharzabal eta Casa Nicolas erretegiko Pedro Ruiz aritu dira odolkiak dastatzen.

Irabazle tolosarrak bi garaikur eraman ditu etxera, eta epaimahaikideek esandakoarekin bat etorri da, odolki perfektua egiteko sekretuaz galdetutakoan: "Barazkien arteko oreka garrantzitsua da, eta baita mimoa ere". Garikanok gurasoekin ikasi zuen odolkiak egiten eta, familiako tradizioari jarraiki, ia bizi osoa darama jardun horretan; pozik hartu du saria.

Erlazionatuak

Xirimiriak ez du azoka giroa zapuztu Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014 abe 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!