Langile eta burugogorrak

M. Iraola 2014ko abe. 17a, 11:23

Une zailak izan arren, lasaitasuna mantendu eta garaipen ona lortu du TAKE-k Estela Kantabriaren aurka (71-74), denboraldiko laugarrena.

Aurkariek barre egin zieten kantxara irtetzean. Tolosarrak saskibaloi jokalariak ez ezik, beste edozein kirolari mota izan zitezkeela pentsatu zuten. Baina oker zeuden. Oso oker.

Tolosarrak ez dira neurketa erdian euren artean oihuka hasten diren horietakoak, haserre. Entrenatzaileak ez die bere jokalariei iseka egiten. Finean, talde bat da: langilea eta burugogorra, gainera. Eta horiek izan ziren balantza tolosarren alde izateko arrazoi nagusienak: talde lana eta egoskorkeria, unerik zailenetan altxa eta garaipenaren bila joateko.

Neurketa horretan hori ondoen islatu zuena Goar izan zen. Astean zehar ezker eskuko behatz bat atera eta puztu-puztu eginda bazuen ere, minaz une batez ahaztu eta jokatzea erabaki zuen. Garrantzitsua zen garaipena lortzea eta berak ere lagundu nahi izan zuen. Eta taldeari ongi etorri zitzaion, bereziki bigarren laurdenean hiru hiruko bata bestearen atzetik sartu zituenan.

Gaizka Maiza:

 

Yon Gonzalez:

 


Izan ere, hasiera makal baten ostean etxeko taldeak zortzi puntuko abantaila izan zuen markagailuan. Errebotean nagusi ziren, eta baloi galduek min eman zioten. Bigarren laurdenean, ordea, defentsa bikaina egin zuten Yon Gonzalezen mutilek, eta kanpoko marratik asmatu ondoren, aldea jan eta 31-35 emaitzarekin joan ziren aldagelara.

Hirugarren laurdenean neurketa gogortu zen, defentsan bereziki. Robinsoen puntu mordoari esker eustea lortu zuten kantabrirrek. Aurretik jartzea ere lortu zuten. Baina beharrezko patxada ipini zuten tolosarrek kantxan. Eta azkenean jaurtiketa libreetatik erabaki zen neurketa. Bikain Julen, Gaizka eta Azaldegi azken minutu horietan. Azken hau, gainera, jokalari baloratuena —MVP delakoa— izan da, 37 punturekin.

Minutu bakarraren faltan bost puntuko aldeaz irabazten joan arren, ezin amaitutzat jo, azken segundoan berdintzeko aukera izan baitzuen Robinsonek. Twitter bidez partida jarraitu zutenei are luzeagoa egin zitzaien. Azkenean lanak fruituak eman eta garaipena iritsi zen. Beste aurrerapauso bat. Larunbatean, hurrengoa.

Neskak igoera fasean

Neskek ere emaitza bikaina lortu dute asteburuan, igoera faserako txartela ziurtatu baitute. Orion jokatu zuten, eta 42-52ko emaitzarekin gailendu ziren tolosarrak. Bostgarren garaipena dute jarraian. Larunbatean, 14:00etan jokatuko dute Usabalen Añorgaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!