Kroseko mozorro onenak ere saria izango du aurten

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 12a, 16:45

San Silvestreko krosa aurkeztu dute gaur, "kirola baino zerbait gehiago" dela nabarmenduz.

Tolosarren agendetan gorriz margotuta izaten da abenduaren 31, ez urteko azken eguna delako bakarrik; San Silvestreko Elkartasun krosa ere egun horretan izaten delako. Urtez urte harrera hobea eskuratzen ari den egitasmoa hamazazpigarrenez ospatuko dute aurten, eta hastapenetatik izan duen kutsu solidarioari ere eutsiko diote.

Izan ere, Kolonbiako bi eskualdetan irakurzaletasuna eta hezkuntza zabaltzeko Mando liburuzaina proiektura bideratzen du, Samaniego-Orixe ikastetxeak, kroseko izen-emateko dirua. Arantxa Iruretagoienak kolonbiarrek eskerrak emateko bidalitako gutuna irakurri du agerraldian, eta jomugaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, abenduaren 31ko krosa kirola baino zerbait gehiago dela azalduz.

Eta, egiazki, azken urteotan kirolari gailendu egin zaio ondo pasatzeko grina; gero eta ugariagoak dira Tolosako kuadrillen mozorro eta umore ukituzko jantziak, ibilbidea osatzerakoan. Horregatik, eta "lasterketaren izaera herrikoia indartzeko asmoz", aurten sari berezi bat banatuko dute, lasterketako ohiko sariekin batera: mozorro originalena saritu egingo dute. "Jai giroa sortzea oso interesgarria da eta, beraz, herritarrak animatu nahi ditugu mozorrotzera", azaldu du Iban Gallegok.

Bide beretik, krosa "urtea amaitzeko modu polita" dela azaldu du Pello Etxabe kirol zinegotziak: "Galdu ezinezko hitzordu bilakatu da Tolosan, eta iaz 1.200 pertsonak parte hartu zuten lasterka". Halaber, egitasmoaren helburu hirukoitza ere goraipatu du eta, beraz, udalak horrelakoak sustatzen jarraituko duela baieztatu du.

Betiko ibilbidea, betiko ordua

Nabarmendutako berrikuntzekin batera, ohiko ezaugarriak izango ditu aurtengo Elkartasun krosak eta, horrela, benjaminak izango dira lehen parte hartzaileak, 15:30etan hasiz; 700 metroko ibilbidea egingo dute.

Jarraian, 16:00etan, alebinen txanda izango da, eta 1.400 metroko lasterketa osatu beharko dute; infantilek ere, beren aldetik, luzera bereko bidea izango dute egiteko, 16:30etik aurrera.

Azkenik, helduen txanda 16:45ean izango da. Aurreko kategorietako korrikalarien gisa berean, Zerkausitik irten beharko dute, eta 5.050 metroko ibilbidea osatu beharko dute, Alde Zaharrean hasi eta erdigunerainoko bi itzuli eginez.

Parte hartzaile guztiek kroseko kamiseta jasoko dute opari eta, izena emateko epea zabalik da jada, Aralar kirolak dendan; 7 euro ordaindu beharko da aurrez eta, egunean bertan, berriz, 12 euro. Haurrek ez dute korri egiteko ordaindu beharko.

Azkenik, Iban Gallego antolatzaileak urteroko txokolate jaterako ohar bat ere zabaldu nahi izan die herritarrei: "Urtero hondakin mordoa pilatzen da Zerkausian, txokolate jatearen ondorioz, horregatik, aurten herritarren edalontzia etxetik eramateko deia egin nahi diegu, denon onerako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!