Falta zitzaion esperientzia baten bila zebilen Lander Lasa (Tolosa, 1988) saskibaloi jokalaria: urrezko LEB mailan jokatzea. Aukera hori Oviedok eman zion, eta bertako taldearekin ari da jokatzen gaur egun. «Gustura» dago izaten ari den esperientziarekin nahiz eta asteburu honetan bertan lesioa izan duen.
Lehenengo, zer moduz zaude?
Aurreko aste guztia minarekin pasa nuen, eta partidara iristeko behartu egin nuen. Kantxan bi minutu neramatzan eta nik neuk hartu nuen min. Gaur esan didate bizpahiru astez egongo naizela geldirik. Espero dut itzuleran indartsu hastea.
Lesioa kolpe bat izan da zuretzat?
Bai. Fisikoki eta mentalki oso fuerte nengoen. Entrenatzaile eta taldekideek konfidantza asko eman didate eta orain geratze hau kaltegarria da. Hala ere, bigarren itzuli osoa faltako da itzultzen naizen momentuan eta konfidantza berreskuratuko dut.
Zeinen garrantzitsua da jokalari batentzat konfidantza izatea?
Bakoitzak bere papera du, eta entrenatzaileak zugandik nahi duen hori emateko indartsu egotea garrantzitsua da. Horrek ausartagoa izaten laguntzen dizu, minutu gehiago jokatzen dituzu eta fisikoki ere azkarrago prestatzen zara. Garrantzitsua da.
Konfidantzarekin zaude orain. Hasiera nolakoa izan zenuen?
Oviedo beste hiri bat da, beste kultura bat. Eta etxetik kanpo familiakoengandik urruti bizitzea gogorra egin zitzaidan hasieran. Partida txarrak izan nituen baina taldekideek konfidantza eman zidaten, ezagutzen nindutelako eta bazekitelako nola jokatzen nuen. Buelta eman nion eta Lander Lasa izan naiz berriro azken aste hauetan. Lesiotik bueltan ere horrela izatea espero dut.
Zergatik aukeratu zenuen Oviedo?
Azken urteotan, ACBtik jaitsi nintzenean, urrezko LEB mailan jokatzeko obsesioa izan dut, gai nintzela ikusten nuelako eta nire izena ezagutzera eman nahi nuelako. Agentez aldatu nuen eta aukera sortu zen. Oviedo aukeratu nuen entrenatzaileak eskatu zuelako espreski ni fitxatzea. Ez naiz damutzen aukeraketaz.
Nolakoa da Oviedo klub bezala?
Hiri bateko kluba bada ere, oso txikia eta familia girokoa da. Gora egin du azken urteotan futbolaren beherakada aprobetxatuz. Tolosan eta Azpeitian bezala, beti oso gainean daude, zutaz arduratzen dira. Eta horrek eragiten du familia giroa.
Giro horrek betetzen du familia eta lagunen hutsunea?
Bai, beti esan izan dut, kanpora joatean, eta are gehiago, bakarrik zoazenean, talde giroa garrantzitsua dela. Egun libreak batera pasatzen ditugu, eta horrek asko laguntzen du burua beste gauza batzuetan izaten, ez bakarrik eta triste zaudela pentsatzen.
Zerbait botatzen duzu faltan?
Asteburu honetan familiako 12 kide etorri zaizkit bisitan eta asko lagundu didate. Oro har, familia eta lagunak asko botatzen ditut faltan. Gogoa dut Eguberriak iristeko eta Tolosara joateko libre dudan egun t’erdi horretan. Batzuetan bakarrik sentitzen naiz.
Eta zer egiten duzu une horietan?
Etxetik atera, Oviedo eta Xixon ezagutu... Lander Lasak ez daki ipurdia geldirik izaten, izan ere, etxean geratzen bazara zailagoa izaten da dena.
Zaleen babesa jasotzen duzu?
Jendea hiztuna da, eta kaletik geratu izan naute. Estimatzen da. Pumarin efektua ezaguna da: partida hasteko ordubete faltan harmailak betetzen dira, eta sekulako giroa izaten da. Zutik jartzen dira lehen minututik eta animatzen pasatzen dute partida guztia. Gero eta bazkide gehiago daude, sarrerak beti amaitzen dira eta horregatik harmailak handitzeko proiektu bat jarri dute martxan.
Zer ari zara ikasten honetatik?
Jokalari ausarta izan naiz beti eta askotan ez dut burua behar bezala erabili kantxan. Ero moduan jokatzen nuen. Batez ere burua lasai izaten ikasi dut eta taldean gehiago jokatzen. Ausardia hori kontrolatzen. Ondorioz, nire kirol maila ere hobetu dela uste dut.
Beraz, Oviedoko esperientzia hau aurrerapauso bat izaten ari da?
Beti esan izan dut saskibaloiaz inoiz ez dela guztia ikasten, baina esperientzia gehiago dut eta urtetik urtera gehitzen doa esperientzia hori.
Entrenatzailea ere gogorra omen.
Inoiz ez dut horren entrenatzaile gogorrik izan. SIto Alonsorekin Gipuzkoa Basketen aurredenboraldia ere oso gogorra izan zen, baina hau gogorragoa izan da. Entrenamenduek irauten duten bi ordu t’erdian ez digu urik edaten uzten. Asko sufritzen da, baina gorputza ohitu egiten da. Fisikoki inoiz ez naiz horren ondo egon. Psikologikoki ere gogortu egiten zara.
Desio bat.
Niri dagokidanez, profesional mailan urte asko jarraitzea; eta bestalde, Tolosan TAKE indartzea, eta gazte asko saskibaloian jokatzera animatzea.
«Erretiratu aurretik TAKEra itzuliko naiz, eta uste dut laster izango dela»
Orain gustura zaude, baina etorkizunerako zer asmo duzu?
Ez naiz aurrera begiratzen ari den horietakoa. Egunean egunekoa egiten dut. Play-offak ditut buruan orain, urtea ongi bukatzea, ongi jokatzea eta ilusioa mantentzea. Toki ona da, zorrotza. Zerbait hobea etortzen bada aztertuko dut, baina momentuz, aurtengoan zentratu nahi dut. Gero, Oviedon geratzea bada aukera bakarra, gustura.
Kanpora joatea pentsatu duzu?
Azken bi urteotan Frantzia eta Suediatik eskaintzak jaso ditut, baina buruari buelta asko eman eta beldur apur bat izan nuen. Egia esan, gaur egun, liga on batean jokatzeko aukera emango balidate, ez dut uste ezetzik esango nukeenik.
TAKEri ezetza emango zenioke?
Erretiratu aurretik joango naiz eta agian lehenago ere bai. Nik uste laister joango naizela, ez dakit zenbat denbora barru, baina ez da berandu izango. Hala ere, nire saskibaloi ibilbidea egiten ari naiz eta orain aparte daukat ideia hori.
Hala ere, taldea jarraitzen duzu.
Bai, nola ez. Nire betiko taldea da, nire herria, lagunak... Ni ez nintzateke honaino iritsiko beraiengatik ez balitz. Astebururo begiratzen ditut estatitistikak eta lan bikaina egiten ari dira. Horregatik pozik nago egiten ari diren urtearekin.
Sorpresa izan zen igoera?
Ez. Sekulako urtea egin zuten. Harritu nauena da ekonomikoki aurre egiteko gai izana eta, jokalariek zer lan egin duten udaran orain dauden mailan egoteko. Etorkizunera begira aurrerapauso bat da hori.