Sakabanaketarekin amaitzeko sarekideen bila

E. Maiz 2014ko abenduaren 9a

Sare herritarra aurkeztu dute Tolosan; Teresa Toda kazetariaren ahotik.

Sakabanaketarekin amaitzea helburu nagusi duen herritarren sarea aurkeztu zuten pasa den astean, Tolosan. Kultur etxea jendez bete zen, Teresa Toda kazetariaren ahotik azalpenak entzuteko. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Sare herritarra aurkezterakoan, alboan izan zuen Unai Igartua Tolosako ordezkaria ere.

«Sare, egunez egun, hariz hari ehuntzen dugu hainbat sentsibilitate eta ideologiatako pertsonok; gure ustez hori delako modu bakarra preso eta iheslarien urruntzea eta isolamenduarekin amaitzeko», adierazi dute. Sare herritarra, desberdinen arteko indar metaketa dela gaineratu dute.

Aurkezpen ekitaldietan proposatzen ari direna: «Gure helburua lortzeko bideari ekitea da: euskal presoak Euskal Herrira ekartzea. Dinamikoa, metatzailea, aberasgarria eta barneratzailea; giza eskubideak defendatzen dituen orok du bere lekua». Bide honetatik, dispertsioarekin amaitzeko, bertaratuek, bideo bat ikusi ahal izan zuten: Txaro Arteaga, Juan Joxe Ibarratxe, Iñaki Zabaleta, Begoña Errazti, Ainhoa Etxaide, Javier Madrazo, Rosa Rodero edo Karlos Garaikoetxea.

Sarekideak lortzea
Sakabanaketaren errealitate lazgarriaren berri eman nahi dute, eta ahalik eta sarekide gehien lortzea dute helburu. «Lagunez lagun, jostorratza eta haria, herriz herri, elkarri loturiko hainbat eta hainbat sarekidez osaturiko sarea lortu behar dugu», diote.

Dispertsioaren liburua dute hurrengo jo puntua: «Mundu osoari jakinaraziko diogu kartzela politika honek zer nolako ondorio larriak eragiten dituen presoengan eta beren inguruarengan.

Bizilagunarengandik hasita, planetaren azken zokoraino gure ahotsa eramango dugu». Horretarako, gaurtik hasi eta apirila bitarte, 500.000 liburu banatuko dituzte mundu osoan zehar. Argitalpen horri esker lortuko dute edonork modu argi eta garbian ulertzea eskubide urraketa hori zertan datzan, ikuspegi juridikotik, ikuspegi sozialetik eta pertsona ikuspegitik.

Manifestazioetarako deia Giza eskubideen errespetua ardatz duen eta dispertsioarekin amaitzeko bidean, «herritarren aktibazioa eta mobilizazioa bultzatzera goaz». Abenduaren 24ean Tolosan, eta urtarrilaren 10ean Bilbon egingo diren manifestaziora joateko deia egin dute: «Mundua hunkitu eta mugiaraztea lortuko dugu. Argi daukagu!», esanez amaitu dute. Herritar sare honen informazio gehiago www.sare.eus webgunean edota sare sozialetan lortu daiteke.

Bestetik, eskualdeko herri guztietara iritsi nahi dute materiala eta bitarteko ezberdinak zabaltzeko; hala nola, esku orriak, kartelak, sarekideak egiteko fitxak, dispertsioaren liburuak, bideoak edo bestelako informazioa. Zuzenean harremanetan jarri nahi duenak saretolosaldea@gmail.com helbidean egin dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!