Afizionatu mailako zesta punta txapelketarik garrantzitsuenetarikoa jokatzen ari dira Tolosako Beotibar pilotalekuan: Jose Ignazio Elolaren Oroimenezko I. Txapelketa.
Onenetarikoa, pilotarien mailagatik; izan ere, afizionatuen mailako puntista onenek hartu dute parte azaroaren 15ean hasi zen txapelketan. Orduan, zortzi bikotek final laurdenak jokatu zituzten. Irabazleek aurrera egin zuten, eta igande honetan, hilaren 7an, finalerdiak jokatuko dituzte Beotibarren, 17:15ean hasita. Bi partida horietako bikote garaileak euren artean lehiatuko dira astelehenean, hilaren 8an, 11:15etik aurrera.
Tolosako Beotibar Zesta Punta Elkarteak antolatu du txapelketa, pilota modalitate hori laguntzeko asmoz. «Ez gara zesta puntaren egungo egoera larriaren arduradun, baina ez dugu hori aldatzen ez saiatzearen errudun izan nahi», esan zuten txapelketaren aurkezpenean. Orain, azken partida hauei begira, pilotalekua bete nahi dutela dio Andoni Lertxundi Beotibarko kideak: «Txuletaren Festa izango da egun horietan. Igandean, arratsaldean horregatik jarri ditugu finalerdiak. Jendeak lasai bazkaldu eta frontoira joateko aukera izan dezan».
Goio Altuna profesional ohia, Lertxundi bezala, Tolosako zesta punta elkartean dabil lanean. Txapelketa honen garrantzia azpimarratzen du berak: «Euskal Herritik mundu zabalera hedatu den kirola ezin dugu hondoratzen utzi, eta Beotibar Elkarteak bere aletxoa jarri nahi du. Pilotarien erantzuna eta maila onena izan da. Sarrerak dohainik jarri ditugu. Eta orain, ikusleen erantzuna nahi dugu. Pilota modalitate ikusgarria da zesta punta, eta frontoira bertara etortzea eskatzen diegu; ezagutzera, eta gozatzera».
Beotibar zesta puntarako pilotaleku laburra da. Ondorioz, pilotaren bizitasuna, oraindik eta handiagoa da. Ez da ahaztu behar, zesta punta dela pilota bizien ibiltzen duen modalitatea.
Andoni Lertxundik eta Goio Altunak bat egiten dute Beotibarko ateak zabal-zabalik daudela azpimarratzerakoan. Hitzordua: igandean eta astelehenean.
Tomas Gabellanes Ibarbia hil da
Irurako Tomas Gabellanes Ibarbia hil berri da Mexiko DFn, 65 urte zituela. Zesta punta munduan Kortarena bezala egin zena ezagun irurarra, eta Tximela eta beste puntista ezagunen garaiko kirolaria zen.
Bartzelonan egin zuen debuta Tomas Gabellanes Ibarbiak 1962. urtean, 14 urte zituela. Ondoren, 20 urte ingururekin, Amerikara joan zen zesta puntan ogia irabaztera. Lehen mailan ibili zen Kortarena, eta Miami, Tampa edo Mexikoko frontoiak ezagutu zituen bere kirolari ibilbidean.
Abenduak 7, igandea
Finalerdiak, Tolosako Beotibarren, 17:15ean
1. Roke-Ubilla/Landa-Suso
2. Alberro-Zabala/Alberdi-Izagirre