13 proiektu, 200.000 euro erabiltzeko hautagai

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko abe. 1a, 16:50

Tolosako Udalak parte hartzea txertatu du, datorren urteko aurrekontuak zehazteko, eta bigarren eta azken saioa bihar izango da 19:00etan, Zerkausian.

Pasa den azaroaren 18an udal gobernuko kide eta udal teknikariek azaldu bezala, herritarrek aukeratuko dute 2015eko aurrekontuko 200.000 euro zertan erabili. Joan den astean izan zen lehen bilera, eta bihar azkena izango da, 19:00etan, Zerkausian. Horrela, hamahiru proiekturen bideragarritasuna aztertuko dute, lehentasunak markatuz eta, finean, datorren urterako inbertsioak zehaztuz.

Azaroaren 26ko bileran 22 proposamen bildu zituzten bertaratutako herritarren artetik; udalak azaldu duenez, zenbait ideia momentuan baztertu zituzten, parte hartze prozesuko irizpideekin bat egiten ez zutelako. Alegia, urtebetean egiteko modukoak ez zirelako, udalaren eskumenekoak ez zirelako, 200.000 euroko muga gainditzen zutelako edo adostasunik lortu ez zutelako.

Bide horretan, hamahiru proiektuk pasatu zuten lehen galbahea, eta horiek izango dira, biharko bilkuran, mintzagai. Aipatzekoa da Tolosako Udaleko teknikariek lehenetsitako egitasmo horien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu dutela jada, eta batzuek ez dutela bigarren galbahea pasa; horren zergatia azalduko dute, eta herritarren zalantzak argitu ere bai.

Tolosarren bizi-kalitatea hobetzeko moduak

Zerkausiko bileran aztergai izango diren egitasmoak honakoak dira.

1.  Autobus geltokia ibilbide luzeko autobusentzat Zumardi txikian. Horrela, Rondilla kaleko trafikoa gutxiko litzateke.

2. Zerkausia kaleko etxebizitzei bizia eman. Etxebizitzen fatxadak kolore biziz margotu eta gauean argiztatu.

3. Usabal kiroldegiaren ondoan dagoen Skate gunean farolak jarri, ingurua konpondu, margotu, mahaiak jarri eta estali.

4. Emakumeentzako gune, txoko bat sortu. Emakumeen etxea. Emakumeentzako antolatzen diren gauzetarako (Jabetza eskolak esate baterako) gune zehatz bat eduki.

5. Alhondegia plazan mahai eta aulki gehiago jarri.

6. Herriko puntu desberdinetan panel digitalak jarri, Tolosako ekitaldiei buruzko informazioa emanez.

7. Alde Zaharrean auzokoponposta egiteko aukera jarri.

8. Brikogunea: gaur egungo etxeak txikiak dira, eta brikolaje lanak egiteko, edo gauzak konpontzeko lekurik ez dago. Gune bat proposatzen da gauzak konpontzera joan ahal izateko. Bertan, materiala egotea proposatzen da.

9. Garbigunea zentrora, herrira gerturatzea proposatzen dute.

10. Iurreamendiko baratzeen inguruan mahaiak jarri.

11. Aisia guneak jarri, gazteentzako batez ere. Eta ez lokal batean, baizik eta kanpoan.

12. Ibaiak garbitu.

13. Tolosa- Hernialde bidean bide gorria egin eta espaloia jarri, txukundu.

Horrela, beraz, aukeraketa egiteko irizpideak berriro gogora ekarri ondoren, datorren urtean gauzatuko diren egitasmoak aukeratu beharko dituzte bertaratutako herritarrek, erabakia 2015eko aurrekontuan txertatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!