Tolosarren esku, datorren urtean 200.000 euro inbertitzea

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 18a, 13:01

Bi herri batzarren bitartez, proposamenak jaso, bideragarritasuna aztertu eta proiektuak lehenetsiko dituzte.

2015eko aurrekontua prestatzen hasia da Tolosako Udala eta, parte hartzea sustatzen jarraitze bidean, 200.000 euroko inbertsioa tolosarren esku utziko dute. "Herritarrei, gehienetan, urrun geratzen zaizkie udaleko kontuak, baina, interesa erakusten dute proiektu edo inbertsio jakin batzuekin, auzoetako mantenu planean ikusi dugun moduan", azaldu du Lore Agirre alkateordeak.

Hori abiapuntu hartuta, beraz, pauso berri bat abian jarriko dute datorren astean bertan: "Herritarrek zergen bidez ordaintzen duten dirua beren beharretara nola itzultzen den esatea garrantzitsua dela uste dugu, eta, horregatik, tolosarrek zuzenean erabakiko dute, 2015ean 200.000 euro zertan inbertitu".

Kopuru hori proposamenez betetzeko bi batzar deitu dituzte, eta datorren azaroaren 26an izango da lehena, 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan bertan. Lehen saioan iritziak jasoko dituzte, eta herritarrek beren beharrak zerrendatu ahal izango dituzte, inbertsioen bidez gauzatzeko. Aipatzekoa da saiora bertaratu ezin duten tolosarrek www.tolosa.eus webguneko Parte hartzen plataformaren bidez ere beren iritzia helarazi ahal izango diotela udalari.

Behin proposamenak bilduta, horien guztien bideragarritasuna aztertuko dute udal langileek, bai ekonomikoki eta baita logistikari dagokionez ere. Horrenbestez, abenduaren 2an izango da bigarren batzarra, lehenengoaren ordu eta leku berean. Bertan bideragarritasuna bertaratuei azaldu, eta 200.000 euroak inbertitzeko proiektuak lehenetsiko dituzte.

Lore Agirrek nabarmendu duenez, parte hartze egitasmoan sartzen ez diren proposamenak ere "oso kontuan" hartuko dituzte 2015eko aurrekontuko beste zenbait partida aztertzeko.

Beraz, ezinbestekotzat jo dute tolosarrek batzarretan parte hartzea, eta, horri lotuta, haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dute; Udate zerbitzuan izena eman beharko da aurrez, behar izanez gero. Halaber, herritar gorrentzako interpretea izango da bi bilkuretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!